Eusko Alkartasunaren agiria, azken Biltzarreko Ponentzia Sozioekonomikoan oinarritua, Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna dela eta:
Hego Euskal Herriko herritarrak Estatuko solidarioenak izan dira Elikagaien Bankuak antolatu berri duen bilketa masiboan. Harro egoteko modukoa da, zalantzarik gabe, baina aldi berean agerian uzten du zer nolako argazki kezkagarria egiten dugun hegoaldeko herrialdeetan bizi garenok gure inguruneari begiratzen diogunean: beharrizan handiak daude eta instituzioek ez dute behar bezalako erantzunik ematen. Horregatik da beharrezkoa laguntzea, nahiz eta jakin badakigun hori adabakia baino ez dela instituzioen gaitasunik ezaren aurrean.
2008. urtean hasi zen krisiak ekonomia astindu du neurri batean edo bestean herri garatuetan, eta geroztik, zazpi urte hauetan, garai hartan inork imajinatzen ez zuen eszenatoki batera heldu gara. Higiezinen burbuila kritikatzen genuen orduan, noski, baina ezin genuen pentsatu horrek hainbeste kaleratze ekarriko zituenik; jakin bagenekien kolektibo zehatz batzuek, ama bakarrek, esaterako, zailtasun handiak zituztela, baina ez gure inguruko umeek pairatzen duten goseaz hitz egiteraino iritsiko ginenik; uste genuen indarkeria matxistaren aurka urratsak emango zirela; ohartzen ginen sistema kapitalistak dena irentsi nahi duela, baina ez genuen uste 2015ean 1.000 euroko soldatapeko langileak pribilegiatuak izango zirenik; ez genuen pentsatzen pobrezia, bazterkeria eta itxaropen falta faktore bilakatuko zirela yihadismoa eta eskuin mutur xenofoboa elikatzeko; pateren eta kayukoen drama ezagutzen genuen, baina ezin imajinatu Siriako gerraren ondorioz Mediterraneo itsasoan gertatzen ari den hondamendi humanitarioa; 2008. urtea baino lehenago zenbat etorkin ‘behar’ zituen gure ekonomiak lehiakorra izateko esaten ziguten; orain, ordea, guztiak ‘soberan’ daudela esaten digute…
Krisi ekonomikoak eta bere ondorioek herritarren oinarrizko giza eskubideak urratzen dituzte nabarmen eta, horren eraginez, desberdintasunean eta okerren daudenentzako aukera faltan oinarritutako gizarteak eraikitzen ari gara. Kohesio sozial faltaren arriskua bistakoa da eta gizartea bazterkerian eroritako pertsonak atzean utzi ditzakeela pentsatzeraino iritsi daiteke, haientzat gero eta baliabide sozial gutxiago baitaude.
Ez da eboluzio aseptikoa, bere oinarrian politika zehatz batzuk agertzen direlako, pertsonengan pentsatu ordez, enpresa handien eta bankuen interesak soilik kontuan hartzen dituztenak, alegia. Labur esanda, dirua lehenesten duten politikak, justizia sozialaren aurkako norabidean mugitzen diren politikak.
Krisi ekonomikoak irabazleak eta galtzaileak utzi ditu. Garaileak eta garaituak. Langabezian daudenek galtzen dute; baldintza duinak eskaintzen dituen lanpostu bat aurkitu ez eta gainera langabezi saritik kanpo geratzen direnek galtzen dute; gero eta lan baldintza okerragoak dituzten langileek galtzen dute, gaur lana edukitzeak ez duelako bermatzen gizarte bazterkerian ez egotea; pentsiodunek galtzen dute; gazteek galtzen dute, lan aukera eskasak, egiturazko bilakatzen ari direnak, dituztelako; 2003tik aurrera ohiko etxebizitza eskuratu dutenek galtzen dute, ordaindutako gainprezioari erantzun beharko diotelako, neurri handiagoan edo txikiagoan, horixe baita etxegabetzeen eskandaluaren oinarrian dagoen fenomenoa.
Azken batean, gizarteak oro har galtzen du, ongizate sisteman eginiko murrizketak pairatzen ari delako, zeharkako zergetan eta oinarrizko zerbitzu eta ondasunen prezioetan igoerak eta berrordainketak jasaten ari delako, oinarrizko zerbitzuetan doakotasuna galtzen ari delako, Bankaren eta konstruktora handien galerak ordaintzen ari delako.
Beste aldean krisiaren onuradun nagusiak ditugu: ongialdiko urteetan higiezinen burbuilak sortutako gainbalioak bereganatu zituztenak; ondare handiak dituztenak, zergetan tratu pribilegiatua dutelako eta ez zaielako ekarpenik egiteko eskatzen krisia gainditzeko. Irabazleen artean errentadunak ere agertzen dira, lan-errentekin alderatuta tasa mesedegarriagoak baitituzte, bai eta aurreko urteetako zerga-beherapenen onuradunak ere. Azken hauek are gehiago dute Ondarearen eta Oinordetzen gaineko zergak desegin eta gero eta etekina atera diote amnistia fiskalari.
Ongizate Estatuak estaldura unibertsala eman behar die biztanleriaren oinarrizko beharrei eta sistema publikoaren iraunkortasuna bermatu behar du zerga politikaren bidez, batez ere. Kontua ez da Estatua sistemaren azken aukera bihurtzea, baizik eta herritarren ongizatea ziurtatzea esku-hartze publikoaren bitartez, pertsona guzti-guztiei askatasuna eta berdintasun baldintzak bermatuta. Helburua, azken batean, klaserik eta zapalkuntzarik gabeko gizarte bat eraikitzea da, eta gizarte horretan Estatuak eskubideak bermatu beharko ditu hezkuntzan, osasunean, enpleguan, etxebizitzan eta gizarte-segurantzan, gizarte-zerbitzuetan, mendekotasunean, familian eta pobreziaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako jardunean.
Gaur, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean, Eusko Alkartasunak herritarren ongizatea eta bizimodu duina bermatuko dituen Ongizate Estatua aldarrikatzen du. Gaur, alboratu ezina den hauteskunde kanpaina batean murgildurik, ziurtatzen dugu Eusko Alkartasunaren proiektu elektorala eta estrategikoa den EH Bilduk justizia sozialaren eta aukera-berdintasunaren alde lan egingo duela. Egungo egoera honetara ekarri gaituen dinamika ezinezkoa izango zatekeelako hainbat gobernuren erabaki eta politika instituzionalik gabe. Eta hori iraultzeko ezinbestekoak direlako beste politika instituzional batzuk, beste gobernu batzuk.