Pentsiodunen mobilizazioekin eta bere aldarrikapenekin bat egin du Eusko Alkartasunak
Pentsio eta Gizarte Segurantzari buruzko lan jardunaldia egin du gaur goizean Eusko Alkartasunak, orain arte egindako lana militantziari aurkeztu eta beraren ekarpenak jasotzeko azken proposamena egiteko. Arri Zulaika, Gizarte Politiketako idazkariak eta Leire Pinedo legebiltzarkideak gidatu dute jardunaldia.
Iker Ruiz de Egino, Eusko Alkartasunako bozeramaileak, eta Leire Pinedok adierazpenak egin dituzte bilera hasi aurretik pentsioak eta Gizarte Segurantza Ongizate Estatu garatua izan nahi duen edozein gizartearentzat funtsezkoak direla esateko. “Gizarte Segurantza sistema propioa” da Eusko Alkartasunaren apostua, “egungo sistema estatalak miseriara garamatzala argi dagoelako”.
Eusko Alkartasunak gaur pentsiodunek egingo dituzten mobilizazioekin bat egiten duela adierazi dute. “Aste honetan Rajoy jaunak berriro ere pentsio duinei ezetz esan diela ikusi dugu eta Eusko Alkartasunaren ustez hiritargoak pentsio duinak merezi ditu gaur eta etorkizunean”. Pentsioei buruzko erabakia “politikoa dela” azpimarratu dute.