Jesus Mari Larrazabalek malgutasuna eskatu dio Auzitegi Nazionalari, bai eta zorrozkeria alde batera uzteko ere, hori egin ezean, bahitutakoen bizitza arriskuan jarriko duelako
Jesus Mari Larrazabal EAko legebiltzarkideak konponbide hitzartu bat ezinbestekotzat jo du Somaliako piratek bahitu dituzten Alakrana-ko arrantzaleak askatu ahal izateko. Are gehiago, bi pirata espetxeratzeko agindua eman zuen Auzitegi Nazionalak ezin duela inolaz ere konponbidea baldintzatu, nabarmendu du Larrazabalek. Bere iritziz, “espetxean dauden bi pirata horiek ezin dira gainditu ezinezko oztopoa izan akordio batera iristeko eta bahiturik dauden marinelak askatzeko”. Horrexegatik, EAko ordezkariak auzi honetan behar den malgutasunez jokatzeko eta zorrozkeria alde batera uzteko exijitu dio Auzitegi Nazionalari.
Gaur goizean izandako bileran Lopez lehendakariari ere adierazi dion bezala, Larrazabalek arazoa konpontzeko indarra erabiltzeari uko egiten dio; horren ordez bide diplomatiko eta politiko guztiak agor ditzala eskatu dio espainiar Gobernuari, Garzonen aginduz espetxeratutako bi piratak Somaliara edo Kenyara bidaltzea aintzat har dezakeen konponbide hitzartu bat lortu ahal izateko. EAko legebiltzarkidearen esanetan, “funtsezko bidea bide diplomatikoa da, lehenbailehen egin behar dena akordio batera iristea delako; kartzelan dauden bi piratekin zer egin erabakitzeko behar diren formula legalak gero aztertu eta bilatuko dira. Hori ez da arazoa, modu batean ala bestean jokatzeko euskarria legala egon badagoelako, betiere baldin eta Garzonek eta Auzitegi Nazionalak malgutasunez jokatu behar dutela ulertzen badute; hori da EAk exijitzen diena, malgutasuna eta arrantzaleen bizitza arriskuan jartzen duten jarrera zorrotzak alde batera utz ditzatela”.
Jatorria: Eusko Alkartasuna