Iruñean larunbatean gertatutakoak edo Unibertsitatean hiru egun jarraian egindako sabotaiek zorionez iraganean geratu diren garaietara begira jarri gaituzte. Pertsona talde txiki batek –gutxiengoa izatera ere ez dira iristen- Estatu espainolari interesatzen zaion parametro berdinetan mantentzeko ahaleginak egiten ari dira, hau da biolentziak dirauela, intentsitate baxuan bada ere. Jarduera horrek ez du inolako zilegitasunik Euskal Herrian eta, orain zein lehen, etikoki erabat onartezinak izan arren, teorian defendatzen dituzten helburuen aurka jotzen dute.
Kale borroka jaun eta jabe zen asteburuen “remember” bat egitea non eta aldaketaren Iruñean “ahalik eta okerren, hobeto” jolastera da. Edo zuzenago esanda, Joseba Asiron alkateak eta bere lanak suposatzen duten guztia kaltetzen saiatzea, independentismoaren normalizazio soziala lortzeko esan nahi duen guztiarekin, baita eraikuntza nazionalerako.
Zer helburu bilatu dezake Unibertsitate publikoan petardoak edo lau pintada egiteak? Bat ere ez. Ondorioa berriz, zein izan daiteke? Garbiketako langile bati egindako kalte txikiaz gain, presoen kolektiboa handitzea. Eta hori ez da inolako broma, alde batetik gizartea, familian eta pertsona mailan duten eraginaz gain, presoen egoerak gatazkaren ondorioen mailan dugun erronka handienetakoa delako.
Iruñea edo unibertsitatean gertatutakoek normalizaziora iristeko prozesu politikoa oztopatzen dute, ez horrenbeste gertatutakoarengatik –naiz eta esan bezala, etikoki gaitzetsi orain eta lehen- baizik eta ematen duten argazkiarengatik. Irudi lezake ez dela Espainiako gobernua bakarrik immobilismoan dagoela, ezker soberanistak ere ez duela aurrera egiten. Eta hori, gezurra izateaz gain, ez da batere bidezkoa: eredu bezala ostegunean Eusko Legebiltzarrean gertatutakoa, bere historian lehen aldiz akordioa egin zen sabotaiak aho batez gaitzesteko.
Azken egunotan gertatutakoek argi utzi digute gatazkaren ondorioak gaindituko dituen bizikidetza eraikitzeko asko falta zaigula, bereziki, ezkuturik eta estigmatizaturik egon diren bi biktima motetan: torturatuak izan direnak eta ETAren mehatxu ekonomikoa jasan duten pertsonez ari gara.
Sandra Barrenetxearen kasuak bortizki torturatuak izan diren pertsonen drama mahaigaineratu du, Eusko Alkartasunak sinesgarritasun osoz hartzen duen kasua. Barrenetxeak –torturatuak izan diren pertsona guztiak bezala- ikusi du nola gizartearen zati batek zalantzan jarri duen bere biktima izaera eta zein zaila den Estatuko funtzionarioak diren torturatzaileak epailearengana eramatea. Azken batean, torturarenak biktimen artean gutxietsiak izan dira.
Bestalde, Deustok, bere aldetik, ETAren xantaia ekonomikoa –gizartean “zerga iraultzailea” bezala normaltasun osoz ezagutu zena- jasan zituzten milaka euskaldunen inguruan txosten bat argitaratu berri du. Atentzioa ematen duen lehen gauza da biktima hauen zifra, milaka baitira gurea bezalako herri txiki batean; Eusko Alkartasunak lehen eskutik ezagutzen ditu kasu horiek, bere militanteen artean ehunka baitira.
Biktima bezala ahaztuak izan dira kasu askotan –xantaia ordaindu nahi ez zuten eta horregatik erailak edo bahituak izan ziren enpresari horiek ez ezik-. Eta gaur oraindik mehatxu eta jazarkundearen ondorioak pairatzen dituzte, torturatuak izan diren pertsonek jasaten dituzten bezala. Bi kolektibo horiek beste ezaugarri bat dute komunean, gizarteak bere osotasunean ez ditu beraien aldarrikapenik onartzen.
Azken batean, azken hamar egunetan biktimen errelatoan orokorrean kontuan hartuak izan ez diren bi sektore ikusi ditugu agerian eta, zoritxarrez, denborarekin aldatu ez diren dinamika batzuk ere ikusi ditugu: alde batetik, ez dakigu oso ondo zein helbururekin sabotajea erabiltzen dutenak eta, bestetik, biktima batzuk bakarrik babesten dituztenak –ETArenak edo torturaren biktimak-. Bi dinamika horiek gainditzen ez baditugu ez dugu ez normalizazio politikoa ezta betirako bakerik lortuko.