Garai zailetan ez dela aldaketarik egin behar esan omen zuen Loiolako Iñigok. Eta gure erakundeetako buruetako batzuek filosofia horretan oinarrituta lan egiten eta kudeatzen dutela ematen du, Gasteizko alkatea den Gorka Urtaranek eta Iñigo Urkullu lehendakariak adibidez. Aldaketarik ez dute bultzatzen eta horrela gizartearen gehiengoarentzat ideala izatetik oso urrun dagoen egoera mantendu eta beharrezkoa den egin gabeko aldaketa oztopatzen dute.
Urtaran eta Urkullu eroso daude erakundeetako eserlekuetan eta sistema ez gelditzeko ezinbesteko eguneroko kudeaketa eginez, baina egoera aldatzeari, hobetzeari uko eginez. Ah, ze “segurola” parea! Beraien kudeaketari nota jarri beharko bagenio, “nahiko” eskas bat lortuko lukete, baina –botere ekonomiko eta komunikabideek lagunduta- islatzen duten egonkortasun itxurak kotizazio ona duela badakite, horrek gizartearen errealitateari erantzuten dion oso zalantzazkoa izan arren.
Lehendakariak eta Gasteizko alkateak beraien jokaera eremuetan dituzten gehiengoak alferrik galtzen utzi dituzte. Gehiengo horiek baliatuta alde batetik, gizartearen gehiengoarentzat justuago den egoerarantz pausuak emateko aukera izango zuten, gizartearen beharrei hobeto erantzungo duen egoera iristeko urratsak. Eta bestetik, euskal gatazka politikoa konpondu eta gizartearen gehinegoak nahi duen marko jurídico-polítiko berri batera igarotzeko aukera. Aukera eta gizarte gehiengo horiek aprobetxatzea bere esku dago. Borondatea besterik ez da falta.
Gasteizko kasua bereziki deigarria da, Gorka Urtaran alkatetzara iritzi zelako PSEk aldaketaren alde apustua egiteko beldurraren gainetik eta EH Bilduren, baita Podemos eta Irabaziren, eskuzabaltasunari esker. Hala ere, egun PSE Gobernuan dago eta gai ekonomiko guztiak PPrekin ateratzen ditu. Eta eskema berdina errepikatzen da EAEko erakunde handi guztietan: Lakuako Gobernua, aldundiak eta hiriburuak: PPk sostengatzen duen jeltzale eta PSEren arteko koalizio gobernua. Izan ere, Gasteizen berriro zerga ituna sinatu berri dute hirurek.
Eusko Legebiltzarrean autogobernu ponentziak, EAJk, PSEk eta PPk herri ikuspegi ezberdina dutela berrestu duenean, desadostasun oinarri batetik nola gobernatu daitekeen galdetzen diogu gure buruari. Egia da Garaikoetxea lehendakariaren koherentziaren oinordeko politikoak garela eta Anguitari “programa, programa, programa” entzuten trebatu ginela politikan, baina horrenbesteko mazedonia ideologikoa ez dugu ulertzen.
Gorka Urtaran alkate egiteko EH Bilduk alderdikeriak aldera batera utzi zituenean, inork ez zuen helburua zein zen zalantzan jarri: Gasteizen beharrezkoa zen aldaketa behartu eta PPk gizarteari eragiten dizkioten erabakiak hartzeari uztea lortzea. Sabin Etxeak amestu ere egiten ez zuen udal eserlekua gogoz onartu eta ametsa lurperatu zuen EAJk, PPri eta popularrei lotuta dauden botere faktikoei udal politikaren giltza emanaz.
Euskal politikaren topiko bat da EAJri bakarrik besaulkiak interesatzen zaizkiola, eta, gainera, bere jokaerak ez du hori gezurtatzen. EAEko aurrekontuak adosteko EH Bilduren eskua luzatua izanda, Erkorekak azkar baino azkarrago argitu du luzatzeagatik ez dela ezer gertatzen. Luzatu daitezke noski, baina oso kezkagarria da bere presidenteak elkarrizketa eta adostasunaren txapeldun bezala margotzen duen EAJ berberak, aurrekontuak hobetzeari uko egitea, jendartearentzat hil edo biziko garrantzia daukaten gaiak (“jatekoak”, EH Bilduk mahai gainean jarri dituenak) negoziatu behar ez izateko.
Intentzioek ez dute harridura sortzen Urtaranen iazko jokaera gogoratuta: udalerria kaosaren ateetara eramaten tematu zen, inolako adostasunik ehundu gabe eta berea egin arte. Erabateko kaosa ez zen heldu, behin eta berriro bazterrean utzi nahi dituen ezkerreko indarrek egoerak eskatzen zuen mailaz jokatu zutelako, baina hiria hobetzeko aukera bat galdu zen.
EAJk herri eredua eraikitzea eskatzen duen ideologia abertzalea alboratu du, “kudeaketapolitika”n murgiltzeko erabat, herri baten sistema publikoa kudeatzea baino auzokide komunitate baten kontuak eramango balitu bezala. Eta behin ideologiaren zama eta koherentziaren eskaera kenduta, printzipioengan egiten den politikatik aldendu da. Nola ulertu bestela, Kataluniako liderrengan aurrera eraman zen errepresio kanpainaren erdian Urkulluk Espainiako erregeari –ah, zer papera egin zuen Borboiak- dei egitea? Oinarri ideologikoak bazterrean uzteak ondorioak ditu: Gizarte justizia gutxiago, Ongizate Estatu gutxiago eta Zuzenbide Estatu gutxiago.
Sakoneko aldaketak egiteko indarra daukate Urtaranek eta Urkulluk, Gasteiz eta EAEn, baina ez dute egin nahi. Urtaran aldaketek hautesle batzuetatik urrunduko ote duen beldur dela ematen du, edo agian bere kudeaketa eredua ezkerretik baino PPtik gertuago dagoela sinisten du benetan. Gasteiz lasaitasun oasia dela islatzeko obsesioan lazo horiak ere soberan ditu eta berehala kaletik kentzeko agindua ematen du.
Urkulluri ere berdin gertatzen zaio Eusko Jaurlaritzan. Legebiltzarrean marko juridiko politiko berriaren aldeko gehiengo erosoa izan arren, Estatuko alderdiei ematen die gure etorkizunari buruzko erabakia betatzeko aukera. Berdin dio marko juridiko politikoari buruz ari bagara, zein aurrekontuei buruz hitz eginda.
Sozialisten eskaerak marko juridikoaren proposamenean sartzeak ez du esan nahi gehiengo handiago baten gustukoa izango dela, aldiz gertatu daitekeena da jendarte portzentaia handiagoa asegabe uztea. Madrilekin negoziatu beharra dagoela? Bai, noski, negoziaketa mahaia da guk nahi duguna. Baina mahai horren oinarria euskal jendartearen nahia izanda.
Urtaran bezala Urkulluk ere galga zapaltzen duenean ez dakigu zergatik den. Agian, eraldaketa mugimenduek sortzen dituzten tentsio politikoen beldur da edo autonomismotik aritzen da. Bai dakigu, ondo jakin ere, EH Bildu gabe eta PSOE/PSE/PSNrekin ez dagoela aldaketarik: ez eraldaketa sozialik ez gatazka politikoaren konponbiderik. Eta datorren urteko martxoan Gasteizen egiteke dugun aldaketa hastea da gure helburua.
Urkullu eta Urtaran Loiolako Iñigoren jarraitzaileak badira, Eusko Alkartasunean Einstenen esaldiarekin bat egiten dugu: “Aski de nahi izatea”. Batez ere zenbakiak eta herri borondatea alde dagoenean.
Iratxe Lopez de Aberasturi, Arabako EAko koordinatzailea eta EH Bildukoko zinegotzia Gasteizen
Begoña Duque, D. López eta Blanca Ugarte, Gasteizko EAko Batzorde Eragileko kideak