EAko gazte erakundeak Esquerrako eta Chunta Aragonesistako gazteen biltzarretan parte hartu zuen asteburuan.
Gazte Abertzaleak-ek (GA) parte hartu zuen iragan asteburuan Esquerrako gazteen XXII. Biltzarrean, Celrá herrian (Girona), eta, baita ere, Chobentú Aragonesista CHAko gazteen biltzarrean, Zaragozan. Gironara bidalitako ordezkaritzaren buruan izan zen Maider Carrere GAko idazkari nagusiak autodeterminazioaren aldeko mezua helarazi zien bertan bildutakoei eta bide horretan eman beharreko urratsek sendoak izan behar dutela nabarmendu zuen.
PSOEren politika gaitzetsi ez ezik, beren burua abertzaletzat jo baina aldi berean Rubalcabarekin biltzen direnen jokaera ere kritikatu zuen Carrerek, eta Gazte Abertzaleak-ek ez diela gure herriaren eraikuntza prozesua oztopatzen utziko ohartarazi zien. Ildo horri jarraituz, bloke subiranista bat osatzearen aurka ari direnen talde abertzaleen kontra gogor jo zuen GAko buruzagiak; izan ere, “nekatuta gaude Rubalcabari bere estrategian laguntzen dioten parasitoak ikusteaz, beren helburu bakarra burujabetzaren aldeko aurrerapausoak emateko abertzaleen arteko akordioak eragoztea baita”.
EAko gazteek parte hartu zuten, baita ere, Chobentú Aragonesistaren biltzarrean, Zaragozan. Bertan CHAko gazteekiko elkarlanari eusteko borondate osoa adierazi zuten.
Jatorria: Gazte Abertzaleak