Azaroaren 7tik 10era bitartean Florentzian ospatzen ari den Europar Foro Sozialarekin bat eginez, Gazte Abertzaleak taldeko hainbat kidek globalizazioaren kontrako kanpaina egin zuten atzo Gasteizko Andra Mari Zuriaren enparantzan, «Beste Europa bat beharrezkoa da!» lemapean. Hain zuzen ere, Globalizazioari buruzko datu eta zehaztapenak jakitera emateko erakusketa eta mahaia jarri zituzten. Horrez gain, EA alderdiko gazteek triptikoak banatu zizkieten bertatik pasatzen zirenei.
Europako beste talde sozial, sindikal eta politiko anitzek egin duten legez, Gazte Abertzaleak taldeak ere ordezkaritza bidali du Florentziara, «Europa eta mundu askeago, berdinago, justu eta solidarioago bat lortzeko konpromisoa» erakusteko xedeaz. Era berean, Foroan Euskal Herriaren beharrak eta eskubideak aldarrikatuko zituztela adierazi zuten euren triptikoan. «Europa multikulturalarekin gure konpromisoa azaltzen dugu, non nazio guztiak era berdinean ordezkatuak izateko eskubidea izango duten». Hau da, herrialde bat «non euskaldunok Euskal Herria eraiki ahal izango dugun, herri bat non bere herritarrek bakean eta askatasunean bizitzeko aukera izango duten».
Bestelako Europa bat, Europa hobeagoa, lortzeko, gazteriaren parte-hartzea ezinbestekoa zela jasotzen zuten kideek emandako esku-orriek: «Gazte Abertzaleak bere herritarrentzat eginiko Europa bat aldarrikatzen du, non helburua ez den izango bakar batzuen irabaziak baizik eta denontzat lortutako ongizatea».
Jatorria: Gazte Abertzaleak