Atxilotuak berehala askatzea exijitu du Eusko Alkartasunak
Eusko Alkartasunak gaur arratsaldeko polizia operazioa salatu eta atxilotuak berehala askatzeko exijitu du. Era berean, Eusko Alkartasunako idazkariak esan du gero eta argiago dagoela “arazoa ez dela ETA baizik eta gatazka politikoa”.
Eusko Alkartasunak adierazi duenez “polizia operazioak erakusten du Espainiako Gobernua ez dagoela geldi, are okerragoa da: inboluzioa bultzatzen du bake eta normalizazio prozesuei oztopoak jarrita”. Eta “ezertarako ez duela balio jakinda egiten du, Euskal Herriko prozesu politikoak bere bidea jarraitzen du eta oztopoen gainetik garatzen jarraituko da”, azpimarratu du alderdiak. “Madrilek ez du hori ulertzen baina euskal gizartearen borondateari buruz ari gara, horregatik ez da prozesua geratuko”, esan du Eusko Alkartasunak.
Azkenik, alderdiak eskaria egin dio Eusko Jaurlaritzari: “euskal gizartearen gehiengoaren iritziarekin bat egin dezan atxiloketei erantzutean, ez du besterik egin behar”.