Areetako skate pista kentzeko PSEk hasitako auzi judiziala salatu dute EAko gazteek eta aisialdirako alternatibak ezabatzea arduragabekeria dela ohartarazi dute.
Gazte Abertzaleak-ek bere kezka adierazi du Areetako skate pista kentzeko Getxoko PSEk abian jarri duen auzi judiziala dela eta, neurri hori “udalerriko gazteen kontrako erasoa” delako. EAko gazteek itxurakeriaz eta zinismoz jokatzea egotzi diete sozialistei, Getxoko Udaleko Bozeramaileen Batzordean pista hori berritzeko proiektuaren alde egin zutelako. “Arrazoi objektibo bat ere ez dugu aurkitzen PSEren iritzi aldaketa azaltzeko eta horregatik Alkatetza lortzeko estrategia bat baino ez den susmoa dugu”, salatu du GAk.
Gazte Abertzaleak-en ustez, elkarbizitza arazoak astinduz eta neurri zorrotzak planteatuz PSEk populismoari heldu dio botoak lortzeko asmoz. “Zarata besterik ez dute egiten, baina konponbideak eskaini gabe”, leporatu diete EAko gazteek sozialistei.
Skate pista kentzeko PSEren eskakizuna onartezina da eta are gehiago zaratak murrizteko alternatibak aztertu ere egin ez direnean.Horregatik, Gazte Abertzaleak-ek salaketa bertan behera uzteko eskatu dio PSEri, “bestela gazteentzako aisialdirako alternatiba bat ezabatuko litzatekeelako”.
Jatorria: Gazte Abertzaleak