Espainiako Gobernuak Hezkuntza alorreko ekimenak indarrean ezartzen jarraitzen badu ere, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak «bere bidea» urratuko duela dio Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Anjeles Iztuetak. 0-3, euskara, Unibertsitate Legea eta teknologia berriak ditu ikasturte berriaren erronkak.

Zer erronka nagusi ditu ikasturte berriak?

Erronka nagusiak dira, laburbilduz, 0 eta 3 urte bitarteko fasea garatzea; teknologia berriei indar handia ematea; euskararen erabilera sustatzea; eta gure Unibertsitate Legea ateratzea.

0-3 dela eta, oso adostasun eskasa lortu zenuten, ezta?

Eredua eginda dago, eta gauzatu beharra dugu. Orain mapari ekingo diogu, adostasunaren bidez, herriz herri dekretua bera onartu, eta udalekin elkarlana zehazteaz gain. Orain da adostasuna planifikatzeko eta gauzatzeko garaia.

Mapa egitean izango al da eskaintza publikoaren aldeko ekimenik?

Arlo publikoan hutsuneak daude; eta, beraz, indarra jarriko dugu, oreka lortu behar baita. Gauzak zehazteko unea da.

Ikasturteak zer berri on ekarriko du euskara dela eta?

Euskara maila hobetu behar da ikasle zein irakasleen artean. Izan ere, hiztun kopuruak gora egin du, baina kalitatearen erronkari ekin behar zaio. Hala, Iraleren berrantolaketa izango da. Baina, gainera, erabilera handitzeko programak indartuko ditugu, aurrekontua handituz nahiz indar gehiago emanez. Erabilera indartzeko eskolaz kanpoko ekintza programak zabaldu behar dira.

Eleaniztasunaren aldeko apustuari eutsiko diozue?

Bai. Ikasturteon, froga bezala, Ikasketa Eleanitza programa hasiko da derrigorrezko etapetan: ikasgai batzuk euskaraz eman, beste batzuk ingelesez, eta beste zenbait frantsesez.
Gainera, ikasturte honetan, hizkuntzak ikasteko aukera emango diegu helduei Interneten bidez. Zazpi hizkuntza ikasi ahal izango da. Datorren urte hasieran kaleratuko dugu ekimena.

Zer ekimen izango da teknologia berrietan?

Batetik, ikastetxeetan teknologia berrietako arduradunak bultzatuko dira. Lanbide Heziketan, gela digitalak jarriko dira martxan; enpresekin, beste gela nahiz herrialdeekin lotuko dira.

Unibertsitate Legea prest izango duzu, ezta?

Proiektua nahiko aurreratuta dago. Udazkenean Legebiltzarrera doa. Euskal Herriaren aldeko legea izango da, adostasunaren bidez egina, kontsultei garrantzia handia eman diegulako. Europako testuinguan kokatuko da lege berria.

Nola hartzen du Euskal Herri osoko dimentsioa?

Legea kokatzen da Euskal Autonomia Erkidegoan, eta horko sistema arautzen du, baina kontuan hartzen ditu Euskal Herriko gainerako zatiak ere; adibidez, Euskal Herriko beste unibertsitateekin harremanak erraztuz.

Espainiako Gobernuaren eraso gehiago espero duzu?

Lehengo ikasturtean hiru lege planteatu zituen Madrilek: Unibertsitatearena, Lanbide Heziketarena eta Kalitatearena. Hemendik aurrera, Madrilek bere ekimenak bultzatzen baditu ere, guk, Unibertsitate Legean egin genuenez, gure proposamenak egingo ditugu, gure bidea urratu sistemaren beharrak asetzeko.

Kargua hartu eta gutxira, kritika gogorra egin zizuten. Zer ondorio atera zenuen?

Hezkuntzan alde asko daude. Gaiak ardura handia eskatzen du, eta bat etortzea ez da erraza izaten. Baina argi daukat aurrera egin behar dugula gure helburuekin, eta babesa daukagula sistemaren beharrei erantzunez gero.

Zer egingo duzue gure sistemaren kalitatea ontzeko?

Ikastetxeek berezko bizitza behar dute, kalitatea hor ziurtatzen delako. Hortaz, araudia sortuko dugu, eta zuzendaritza taldeei pizgarriak ematen hasi.

Irakasleen urte sabatikoa aplikatzen hasiko al da?

Abian jarriko dugu ikasturteon bertan, irakasleentzat hobekuntza dakarrelako (bost urtetan behin libre hartu, urtez urte %80 kobratuz). Araudia dekretuz onartuko da: irailean, akordio sindikalaren dekretua; eta, udazkenean, urte sabatikoari dagokion araudia. Irakasleek ondo hartuko dute.

Zer egin euskara ez dakiten funtzionarioekin?

Konponbidea ez da batere erraza, eta Gobernu guztiaren ardura da. Lan-talde bat abian jarriko dugu udazkenean irtenbidea aztertzeko. Batzordea osatuko dugu auziarekin zerikusia dugunok: sindikatuek eta Administrazioak.

Zer lanetan ariko dira?

Irtenbide asko daude. Akaso hezkuntzan bertan eskakizunik behar ez duten lanpostuak badaude; Administrazioan beste toki batzuetan ere badaude. Arazoa osotasunean aztertuko dugu. Ikasturte honetan zer egin erabaki behar dugu; baina argi dago irakaskuntzan egoteko, gaur egun, euskara jakin behar dela.

Etorkinentzako planik izango al da?

Etorkinak integratu behar dira herri honetan; eta, hori egiteko, arduradun batzuk ariko dira lanean. Plan oso bat egingo da kanpoan jaiotakoak eskolaratzeko; eta, udazkenean, martxan jarriko da, hezkuntzatik planteatuta. Planifikazioak ghettoak haustea izan behar du irizpide. Integratuko badira, B eta D ereduetan egin behar dute, sare publikoan nahiz pribatuan.

Eskola txikien aldeko zer edo zer egingo duzue?

Herri txikietako eskolak bultzatuko ditugu. Araudi berezia sortuko dugu, eta plan berezia izango da. Araudia eta bultzada behar dira. Filosofia da herri txikiekin elkartasunez jokatu behar dela. Helburua da herrn txikietan bizi den ume batek herri handietakoen eskubide berberak izatea.

«Ezin gintezke zatiketaren tranpan erori. Abertzaleen arteko topagunea behar da»

Zer iritzi duzu egoera politikoari buruz?

Une latzak bizitzen ari gara. Batasunaren legez kanporatzea demokraziaren aurkako eraso handia da, eta, demokratak izanda, ezin da onartu herriaren zati handi bat ahotsik gabe uztea.
Zer egin? Ardura handiz jokatu behar da, buruz, eta behar-beharrezkoa da elkarrizketa une historiko honetan. Abertzaleon topagunea behar da, bi ardatzetan oinarrituta: demokrazia indartuz eta autodeterminazio eskubidea gauzatuz.
Demokrazia indartzeak esan nahi du giza eskubide guztiak aldarrikatu behar ditugula; hau da, bizitza errespetatuz, baina, adibidez, presoak hor daudela ahaztu gabe; eta adierazpen askatasuna ere eskubidea denez, herritar guztion aukera berdintasuna ziurtatu behar da. Bestalde, euskal herritarren hitza errespetatu behar da, autodeterminazio eskubidea onartuz. Hori faseetan egin behar da, baina galdera bat egin beharko litzateke aurrena: ea herriak borondatea duen autodeterminazio eskubidea gauzatzeko.
Bi kontuok EAJ-EAren hauteskunde programan daudenez, hitza bete egin behar da. Eskema horretan, jakina, biolentziak ez du tokirik.

Kontsulta, beraz, legealdion bertan egin behar da?

Bai, jakin behar delako autodeterminazio eskubidea gauzatzeko borondatea dugun edo ez.Legealdion egitea agindu genuen, eta bete egin behar da.

Une historikoa diozu. Uste al duzu abertzaleen arteko zatiketan sakontzeko arrisku gorria dagoela?

Askotan egon da arrisku hori. Hori da Madrilen estrategia, baina tranpa horretan ezin gintezke erori. Hori dela eta, abertzaleon arteko topagunearen esparrua indartu behar dugu.

Baina nola egin hori? Zuk uste duzu Jaurlaritzaren jarrerak lagundu duela topagune horren bidean?

Hauteskunde programa bete behar dugu. Gainera, Legebiltzarrak uztailaren 12an erabaki bat hartu zuen: Estatutua bete behar dela, gure eskumenak direlako (gureak direnez, aurrena eskatu eta gero hartu behar dira); eta ateak zabalik utzi marko berri baterako. Baldintzatzat hartu zen pausoak ematea herri borondatea errespetatuz eta bide demokratiko eta zibilak erabiliz. Dagoen indarra batu behar da.

Bete egin behar dela diozu. Ez al da betetzen ari?

Jaurlaritzak orain arte bete du, eta betetzen jarraitu behar du.

Jaurlaritzak askotan jo izan du kalera eskubideen urratzean. Faltan sumatu da oraingoan.

EAk dei egin du manifestatzera askatasunen alde…

…baina ez Jaurlaritzak.

Nik konfiantza dut Jaurlaritzan eta lehendakariarengan. Sinetsita nago Jaurlaritzak agindutakoa betetzen jarraituko duela. Programa batekin aurkeztu ginen, eta programa batekin lortu genituen botoak.

Nola hartu duzu Ertzaintzaren lana: egoitzak ixtea, manifestazioak jazartzea eta abar?

Tristea eta mingarria bada ere, Ertzaintzak bere lana egin behar izan du. Ertzaintzak gaur egungo lege barruan jokatu beharra du, nahiz eta niretzat hori tristea eta mingarria izan. Nolanahi ere, argi da inongo epailek ezin dezakeela demokraziaren aurkako neurririk bultzatu. Adierazpen askatasuna inork ezin du ukatu.

EAren aurka ere gogor dirudite. Batasunaren tokian egon liteke?

Eraso orokorra ez da ETAren aurkakoa, demokraziaren eta abertzale guztion aurkakoa baizik.

Desobedientzia jarrerak bultzatu behar al dira?

Bide horiek zilegizkoak dira, eta, askotan, aurrera egiteko bakarrak. Bide horretatik herri honek gauza asko konpondu ditu.

Legitimoak lirateke bozkak Batasuna aritu gabe?

Hauteskundeek ez dute legitimitaterik herritar guztiek aukera berdintasunik ez badute.

Zer egingo du Jaurlaritzak hori bermatzeko?

Hori aztertu beharko dugu. Espero dut Jaurlaritzak gaia bere gain hartzea.

Luis Karlos Garcia/ egunkaria.com

Jatorria: Eusko Alkartasuna