Iñaki Ostolaza, Eusko Alkartasunako Gipuzakoako koordinatzailearen iritzi artikulua

‘Harrelsonen gizonak’ antzinako telesailak modan ipini zituen S.W.A.T. delakoak, Estatu Batuetako Poliziaren talde bereziaren siglak. Oraintsu Gipuzkoan beste hizki hauek berriz jarri dira bogan: SWAP, edo aurreko legealdian Aldundiak lortu zuen errauste-planta eraikitzeko egindako finantza truke garestia. Batean zein bestean arma bereziez ari gara. S.W.A.T. delakoen atzetik Arma eta Taktika Bereziak daude. Horixe da sigla horien esanahia ingelesez. Eta SWAPak ere finantza arma eta teknika bereziak dira. Biek biktima errugabeak uzten dituzte bidean; gipuzkoarrok gara etikoki zalantzagarria eta ziurrenik legez kanpokoa den praktika horren biktimak, diru-kutxa publikoak kaltetuz gu guztion poltsikoak hustu dituelako. Zergatik kontratatu zituen instituzio publiko batek finantza-deribatuak bezalako arrisku handiko produktuak? Horixe da gipuzkoar askok gure buruari egiten diogun galdera.

Erraustegiaren finantzaketa ez omen zen operazio oso garbia finantza-entitate gehienentzat, azpiegitura hori babesteari uko egin baitzioten gehienek, agerikoa zelako proiektuaren bideragarritasuna justifikatzeko erabiltzen ziren zenbakiak zeharo puztuta zeudela, birziklatzearen aldeko apustu argia egin duen herrialde batean gainera. Ziurrenik, swap izeneko hori kontratatzea izan zen Carlos Ormazabal Ingurumen diputatua (EAJ) buru zeukan Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak kutxei eta bankuei eskaini zien goxokia operazioa erakargarri bihurtzeko. Azkenean, Gipuzkoarekin harreman eskasa duten La Caixa eta Banesto bakarrik sartu ziren operazioan.

Swap horiek etorkizunari begira ordaintzeko eta kobratzeko konpromisoak dira. Sekula ez da ikusi formula hori erabiltzea obra publiko bat finantzatzeko, batik bat instituzioa bera ordaintzera behartzen duelako, bete daitekeen ala ez exekuzio-egutegi bati jarraituz. Horrela, finantza-entitateek kobratuko duten berme osoa lortzen dute, proiektuak aurrera egin ala ez, instituzioak une bakoitzean izan ditzakeen diru beharrak kontuan hartu gabe.

Pertsona askok jakin gabe kontratatu zituzten swap baldintzak beraien hipoteketan. Bankuak gehienezko sabaia bermatzen zien, interesak hortik gora ez igotzeko, baina zorua ere ipintzen zuen, modu horretan, euriborra jaitsiz gero, gertatu zen moduan, bezeroek jaitsiera horretatik etekinik atera ez zezaten. Swap horiek, beraz, mailegua garestitzeko tresna bat dira, eta interes tasak jaisten diren garaietan zama bilakatzen dira.

Egun Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko arduradunek salatu dutenez, operazio haren ondorioz, swap hura kontratatu eta biharamunean 5,7 milioi euroko minusbalioa izan zen, eta hilero 300.000 euroko interesak ordaindu behar dira jaso ez den diru kopuru batengatik.

Kontratatu al dezake erakunde batek bere kontuak kolokan jarriko dituen finantza produktu arriskutsurik? Horrelako ezaugarriak dituen kontraturik sinatu dezake Foru Diputatu batek hauteskundeak baino eskas lehenago, gerora etorriko direnen politikak baldintzatuz?

EAJko gizonek, swapak jaurtigailu gisa erabiliz, giza kalteak eragin dituzte. Zehar-biktima horiek gipuzkoar guztiak gara, zeintzuk gure poltsikotik ordaindu beharko dugun interes partikularrak gizarte ongizatearen gainetik jarri zituztenen politika erratuen ondorioak.

Eusko Alkartasuna, ezker abertzalea eta Alternatibak osatzen duten koalizioa Foru Gobernura heldu zenean, Bidegiko zulo beltza aurkitu genuen; errealitatetik at zegoen trafiko jasotze aurreikuspena zuen kudeaketa plan batean oinarritutako enpresa publikoa. Mila dorre eta gaztelu, foru kontuak zeharo baldintzatu dituztenak.

Eta orain swapen beste sorpresa hau hartu dugu; etikotik gutxi duena, eta legalitate aldetik akaso gutxiago. Non dago behin eta berriz EAJk aldarrikatzen duen kudeaketa ona? EAJk erakutsi duena da kudeatzaile ona baino, hipotekatzaile handia dela.

Zorionez, EAJ Ajuria Eneara bueltatzearekin batera, errealitate gordina zapaldu du. Atzora arte ukiezina zen fiskalitate sistema, egun behar izanez eta urgentziaz aldatu beharreko zerbait da, lau urtetan zehar erreformari trabak jartzen ibili eta gero. Funtsezkoak ziren azpiegitura handiak orain, Ingurumen Sailburuak esanda, ordaindu ezin ditugun obra faraonikoak dira. Ekonomia Sailburuak, hau ere gipuzkoarra, enpresen finantzaketarako laguntza funtsean Kutxabank ere sartzea proposatzen du bere eginkizuna beteaz, hau da, herriaren garapen ekonomikoa bultzatzea, finantza entitate publiko sendoa izateko asmoz hamaika langile eta enpresarik egin zuten esfortzua eskertuz nolabait. Eta mahai gainean jarri duen beste apustuetako bat enpresetan langileen parte hartzea sustatzea da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntza zuzendaritzaren ekimena jarraituz.

Iparrorratza galduta zebilen PNVk badirudi iparraren zantzuak non dauden sumatzen hasia dela. Eta pozten gara. Gipuzkoa Buru Batzarrari ere Urkulluren ildoa jarrai dezan animatzen dugu, burua ez galtzeko, eta hartara, guztion artean, arrazionaltasunean oinarritutako Gipuzkoa eraiki ahal izateko; pertsonen neurrira egindako Gipuzkoa, eta ez zuloan sartu baino egiten ez gaituzten amesgaizto garestien Gipuzkoa.

Iñaki Ostolaza
Gipuzkoako EAko koordinadorea

 

Jatorria: Iñaki Ostolaza