“Benetan EAJ Madrilen PPri babesa kentzeko marra gorriak ez dira pasatu?”, galdetu du Iker Ruiz de Egino, Eusko Alkartasunako bozemaileak

Kataluniako subiranotasun prozesua aztertu du Iker Ruiz de Egino, Eusko Alkartasunako bozemaileak prentsaurrekoan, astelehenean Diadan parte hartu eta gero, eta gizarte zibila, erakunde eta ordezkari politikoen artean erabateko lotura dagoela esan du. Era berean, EAko bozemaileak PPri babesa kentzeko eskatu dio EAJri, popularrek Kataluniako eskubideak ukatzen dituztelako eta egoera horretan jeltzaleak “Kataluniako biztanleen eskubideak ukatzeko flotatzailea” direlako.

Ruiz de Eginok azpimarratu duenez, gizarte zibilaren bultzada gabe ez legoke prozesurik, eta horri gehitu behar zaio Kataluniako erakunde eta prozesuarekin bat egin duten alderdien proposamenaren seriotasuna. Azken horiek “jendarteak bultzatutako eta babestutako erabakia hartu eta, proiektua aurkeztu eta gero, argi utzi dute beti ez zirela mehatxuen aurrean, ezta Estatuaren joko zikina zein eraso judizialengatik ere geldituko”.

Jarrera horren bidez, dagoeneko martxan dagoen Estatu baten irudi irmoa erakutsi du Kataluniak, “baita Bartzelona eta Cambrilseko atentatuen ondoren ere, Espainiar estatuarena baino estatu egitura sendo, serio eta eraginkorragoa islatuz”.

Alderdi abertzalearen bozemaileak EAJk Kataluniako prozesuari buruz duen jarrera kritikatu eta “Diadan parte hartu eta gero zer sentsazio ekarri duen” galdetu dio Ortuzar jaunari. “Eusko Alkartasunak bezala, gizarteari etorkizunerako zer nahi duen galdetzea demokrazia osasungarri batean funtsezkoa dela uste badu, zergatik jarraitzen du horren aurka egiten duen alderdi eta Gobernuaren babesik handiena izaten”.

Iker Ruiz de Egino  2017-09-14

Iker Ruiz de Egino
2017-09-14