Klima aldaketari buruzko COP26 konferentziaren goi-bileran parte hartu du Idurre Bideguren, EH Bilduko senatariak. Gorte Nagusietako Trantsizio Ekologikorako Batzordeko beste alderdi politikoetako kideekin batera lan egin du Bidegurenek Eskozian.
Hainbat herrialdek eta gizarte-eragilek antolatutako ekitaldietan parte hartzeaz gain, goi-bileraren negoziazioen egoera bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du Bidegurenek, Teresa Rivera, Trantsizio Ekologikoko ministroarekin izandako bileraren bidez.
Datozen egunetan, goi bileran hartutako akordioei buruzko balorazio sakona egingo da, batez ere, mitigazioa eta gradu eta erdiaren helburua; egokitzeko estrategiak behar duen bultzada; finantzaketa eta ondare galera, edo helburuen betetzeari buruzko kontuak emateko gardentasun-sistema sinesgarri bat izateko beharrari buruz.
“Espero dezagun Glasgowko gailurrari buruzko balorazioa ez izatea beste behin ere bla, bla, bla”, adierazi du Bidegurenek, goi-bilera alternatiboaren leloari erreferentzia eginez. Senatariak azaldu duenez, “mundu mailako esparruetan hitz egin eta adostea beharrezkoa da, baina ez da nahikoa. Luzera begirako akordioak behar dira eta, batez ere, akordioak bete egin behar dira, Pariseko bilkuran hartutako adostasunekin gertatutakoa errepikatu ez dadin”.
Bidegurenen ustez, positiboa eta itxaropentsua ere “milaka pertsona larrialdi klimatikoagatik kezkatuta eta aurre egiteko beharrarekin konpromisoarekin ikustea. “Egun hauetan, klima-aldaketak dituen erronkak gobernu guztien agendan egon dira, eta ezinbestekoa da lehentasun izaten jarraitzea”, adierazi du, “komunitate zientifikoak, hainbat txostenen bidez, energia eta ekoizpen-ereduak aldatzea premiazkoa dela argi utzi” duela gaineratuz. “Gobernuek badakite larrialdi-egoera bizi dugula; orain, norabide egokian doazen politika publikoak behar ditugu”, adierazi du Bidegurenek.