JAURLARITZAREN LEHENDAKARITZA
Erabakia: Gobernu Bilerak ohiz kanpoko bilkuran hartutakoa eta Ekonomia-Hitzarmenaren
berriztapenari buruzkoa.
JAURLARITZAREN LEHENDAKARITZA: GOBERNU BILERAREN
ERABAKIA, EKONOMIA-HITZARMENAREN BERRIZTAPENARI BURUZKOA
2001eko abenduaren 31, hau da, iraungipen-eguna baino lehen, Ekonomia-Hitzarmena
berriztatzeko ezintasuna ikusirik, eta bai araudiaren ikuspuntutik, bai politikaren
ikuspuntutik, berriztapen horri buruzko negoziaketak inguratu dituzten zirkunstantziak
eta Estatuko Gobernuak hartutako alde bakarreko erabakiak ikusirik, Eusko Jaurlaritzak
gai horren inguruko iritzia ematea eta oraina zuzendu behar duen erakunde-jokabidearen
gaineko berehalako jarrera azaltzea beharrezkotzat jotzen da.
Eusko Jaurlaritzak ezin du ahaztu, Kontzertu
Ekonomikoaren oinarria den politika eta arau-eraikuntza, zuzenean lotuta dagoela
Euskadiren autonomia eta, gaur egun, bere autogobernuak bizi duen egoera historikoa
sortu zituen Konstituzio-hitzarmenari. Hori dela eta, gaur, Ekonomia-Hitzarmenaz
hitz egitea, autogobernuaz hitz egitea da eta, horrexegatik, Kontzertu Ekonomikoa
zalantzan jartzea, Euskadin agintearen mailako ezinbesteko zati bat zalantzan
jartzea da.
Bere bizitzaren azken 20 urteetan, segidan eman
diren Ekonomia-Hitzarmenaren aldaketa eta egokitzapenetan, zailtasunak, Estatuaren
alde bakarreko jazarpenak, judizializazio antzuak, eta Estatuak Euskadirekin
dituen finantza eta zerga-harremanak zuzentzeko sisteman, pribilegioa izatearen
salaketa estaliak egon badira ere, inoiz ez da egon, orain arte, erakundeen
arteko urruntasun ulertezinaren egoerarik; eta egoera hori, negoziaketan euskal
ordezkariek egindako neurriz gaineko eskariek baino gehiago, Espainiako Gobernuaren
jarrera intoleranteak probokatu du. Horren adibidea da, azken abenduaren 27an
egindako 1981eko Kontzertu Ekonomikoaren alde bakarreko luzapen harrigarria,
lege-hutsarterik eta lege-arloko ziurtasun-gabeziarik ez egotearen aitzakiarekin,
eperik gabe eta edukien gainean burutu behar zen negoziaketa bat derrigortu
eta behartzeko saiakera eginez. Edota euskal foru-sistemak sofritu duen bazterketa
harrigarri eta iraintzailea, onartu berria den eta era ulertezinean Ekonomia-Hitzarmenaren
negoziaketan erabili eta sartu den aurrekontuen egonkortasunerako araudian,
finantza, zerga eta legearen aldetik guztiz berdina izanik, politikoki gertuago
den sistema batekin konparatuz, Nafarroako Foru Erkidegoaren kasuan bezalaxe.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, Ekonomia-Hitzarmenaren
berriztapenaren inguruan behin betiko akordioa lortu ez izanaren erantzukizuna,
erakunde horren alderik literalisten eta utilitarioena besterik ikusi ez duenez,
Espainiako Gobernuaren sentikortasun-faltari eta, batez ere, izaera horretako
hitzarmen bati lotuta dagoen dimentsio politikoaren ulermen ezari zor zaio.
Hori, kontutan hartu gabe eztabaidagaia zein den: zergen lotura-puntuak; Euskadik
bizi duen egoera ikusirik, Ertzaintzaren behar berrien finantzaketa; osasunaren
finantzazioa; ez-egoiliarren eta sozietate-taldeen trataera edo Estatuari ordaindu
beharreko kupoaren zenbatekoa. Arazo horiek guztiak, garrantzi handikoak dira
eta oraindik ez dago horiei buruzko behin betiko akordiorik. Baina, inolaz ere,
ez dute ahaztu arazi behar, Kontzertu Ekonomikoaren edukiak bi aldeko itunaren
izaera duela. Gainera, arazo horiek ez dute, inolaz ere ez, bestelako baliorik,
Ekonomia-Hitzarmenaren erakundea Europako fiskal eta zerga sistema baten dimentsioan
jartzen duten arazoekin konparatuz, haien edukia, garrantzitsua izanik, hain
nabaria ez bada ere. Eta hori, XXI. mendeko autogobernurako dituen ondorio guztiekin,
gaurko garaiari egokitua, Europar Batasuneko beste estatu nazio-anitzetan gertatzen
ari den bezalaxe.
Estatuko Gobernuak Euskadiko zerga-araudia etengabeko
judizializazioaren menpe jartzen zuelarik, Kontzertuak barne-eremuan jazarpena
sofritzen zuelako, Lehendakariak eta, berarekin batera, euskal gizarteko ordezkari
nabariek azaldu behar izan zuten Kontzertuaren defentsan, 1999ko uztailaren
16an, honako adierazpen hauek eginez: ezin da asmatu, ezta ulertu ere,
gure autogobernua, bere baitan baldin badu balioa eta izaera galdu dituen Kontzertua,
Estatuaren fiskal eta zerga-arloko legediaren kopia hutsa izatera behartuta
dagoen tresna bihurtua. Edota, aurrerago, gure ustez, zerga-harmonizazio
eta lehia askearen inguruko gaiak aztertzen dituzten europar sailetan, Euskal
Autonomi Erkidegoko ordezkariak sar daitezen bidea eman behar da. Gaur,
ezinbestekoa da azaltzea Eusko Jaurlaritza guztiz prest dagoela, leialtasun
osoz, Ekonomia-Hitzarmena berehala berriztatzeko elkarrizketekin jarraitzeko,
jarrera malguago eta irekiagoz eta hitz egiteko gogo handiagoz, hiru Lurralde
Historikoetako Foru Aldundiekin batera. Baina, hori guztia, itun baten bitartez,
zeren, Kontzertuaren alorrean, Euskadiko Erakundeek ez baitute inoiz onartuko
inolako inposaketarik.
Bukatzeko, gogoratu behar da, egin den azken
proposamenak ez duela arrazoizko erantzunik izan, Ogasun Ministerioaren aldetik.
Proposamenean, finantza eta zerga-arloan itxi gabe zeuden gai guztiak ixtea
planteatzen zen -eta, lehen esan den bezalaxe, gai asko ziren-, konpromiso batekin:
Kontzertu Ekonomikoan sartutako arazoak aztertzen dituzten Europako foroetan,
Euskadiko Erakundeek izan behar duten partaidetza eraginkorra aztertzeko eta
horri buruzko erabakia hartzeko konpromisoarekin, alegia. Eta hori, Espainiak,
Europar Batasuneko presidentzia izango duen arrazoizko epean, 2002ko lehen seihilekoan,
Kupoaren Bitariko Batzordean. Hori guztia erabat normala izanik eta, Batasunaren
Itunen arabera, Alemania, Austria edo Belgika bezalako herrietan ezartzen denez,
agerian utzi du Espainiako Gobernuaren ordezkariek negoziatzeko borondaterik
ez dutela.
Azaldutakoaren ondorioz, Eusko Jaurlaritzak,
2001eko abenduaren 31n egindako ez ohizko bileran, honako erabakia hartu du:
ERABAKIA
Lehenengoa.- Gorte Nagusiek 2001eko abenduaren
27an onartu zuten Ekonomia-Hitzarmenaren alde bakarreko luzapenaren aurrean,
Eusko Jaurlaritzak Kontzertu Ekonomikoaren izaera itundu eta alde bikoa hautsi
dela salatzen du. Erakunde horrek, Euskadi eta Estatu espainiarraren arteko
itun politikoa denez, berriztatu, garatu eta betetzeko, bi aldeetatik leialtasun
eta konfidantza exijitzen ditu. Euskadiko Erakundeek ez dute inposaketarik onartuko,
inolaz ere ez, Kontzertuaren alorrean. Itunak ez dira errekurritzen, ezta luzatzen
ere, alde bakar baten eraginez.
Bigarrena.- Eusko Jaurlaritzaren ustez, Estatuaren
ordezkariek azaldu duten jarrera, bai Ekonomia-Hitzarmenaren alde bakarreko
luzapena gauzatzean, bai berriztatzeko negoziaketetan, ez da guztiz egokia,
Euskal Autonomia Erkidegoaren interesen ordezkaritza ongi bermatzeko europar
erakundeen aurrean, Kontzertu Ekonomikoaren alorrean sartzen diren gaien inguruan.
Horri dagokionez, eta Euskadiko Erakundeek Europako Erakundeen aurrean duten
jarrera juridiko-instituzionalaz jabeturik, honako hau adierazi nahi dugu: Espainiako
Gobernuak ez gaituela behar bezala ordezkatuko Europako Ministroen Kontseiluan,
Ekonomia-Hitzarmenari dagozkion gaietan, horren inguruan bi aldetako itunik
ez dagoen bitartean.
Hirugarrena.- Eusko Jaurlaritzak gogoratzen du,
Autonomia-Estatutua indarrean dagoenetik, Kontzertu Ekonomikoaren bidez hitzartzen
diren Euskadi eta Estatuaren arteko zerga eta finantza-harremanak, Estatuko
botereen eta Euskadiko botereen arteko bi aldetako harremanei lotuta daudela.
Eta Euskadiko botere horiek, Gernikako Estatutuak berak aitortzen dituen bakarrak
dira. Era berean, Eusko Jaurlaritzak gogoratzen du, Euskadiko ogasuna bakarra
dela, barne-antolamendua kontutan hartu gabe. Horren ondorioz, Erkidego honek
dituen hizketakide multzo bakarra gaindituz, itun bereziak ezartzeko asmoz,
sakabanaketaren antza duen adierazpenik ez egiteko eskatzen dio Estatuari.
Laugarrena.- Kontzertu Ekonomikoaren bi aldeko
izaera kontutan izanik, Eusko Jaurlaritzaren ustez, itunik gabeko inposaketa
egoera batean, Zerga eta Finantza Politikarako Kontseilua ez da foro egokia,
finantza eta zerga-arazoen inguruan dituen interesak ordezkatzeko. Hori dela
eta, foro horren bileretara joateko aukera beretzat gordetzen du eta, ondorioz,
ez du onartzen bertan hartutako erabakien bete beharra, Ekonomia-Hitzarmenean
sartutako arloetan araututako gaietan, zuzenean zein zeharka, eraginik baldin
badu.
Bosgarrena.- Kontzertu Ekonomikoaren berriztapenik
ez dagoen bitartean, eta kupoa zehazteko metodologiaren luzapenak, bere araudi
bereziaren bidez, indarrean jarraitzen duen bitartean, Euskadik Estatuari 2002ko
ekitaldian, kupo gisa ordainduko dio aipatutako metodologia erabiltzearen ondorioz
sortzen den dirutza. Kalkulu horiek guztiak kontutan hartuz, zenbateko hori,
151.000 milioi pezetatakoa – 907 miloi euro- da. Horixe da ordainduko duguna,
ez 191.000 milioi pezeta – 1.148 miloi euro -, Estatuak, inolako euskarririk
gabe eskatuz, bere Aurrekontu Orokorretan aurreikusten duen bezalaxe.
Seigarrena.- Eusko Jaurlaritzak honako hau azaldu
nahi du: 2002ko urtarrilaren batetik aurrera, Ekonomia-Hitzarmena berriztatu
gabeko egun guztietan gogoratuko du, hautsitako itun bat dagoela, eta itun baten
erantzuna ez dagoela inposaketan, beste itun batean baizik. Urtarrilaren batetik
aurrera, akordiorik gabe pasatzen den egun bakoitza, zori txarrez, arazo bat
izango da; emango diren urratsetan, liskarra izango da nagusi, ez elkarren arteko
ulermena. Horregatik, Kontzertu Ekonomikoa berriztatzeko alde biko negoziaketek,
Estatu eta Euskadiren artean, aurrera egin behar dute, jarrera ireki, malgu
eta leialaz eta hitz egiteko prest, eta berehalako akordioa lortu behar dute.
Alderantziz gertatu ezkero, erantzukizunik falta handia egongo da, politikaren
ikuspuntutik.
Zazpigarrena.- Amaitzeko, Eusko Jaurlaritzak
lasaitasun-mezua heldu arazi nahi dio euskal gizarte osoari eta, batez ere,
zergapeko, enpresari eta langileei, Euskadin konpetentzia duten Erakundeek,
zerga eta finantza alorretan, gai horiek zuzendu behar dituzten araudiak prestatzen
jarraituko dutelako; normaltasun osoz, dirua biltzen jarraituko dutelako, eta
dagokien erantzukizunez jokatzen jarraituko dutelako.
Zortzigarrena.- Honako Akordio hau, Estatu espainiarraren
Gobernuko Presidenteari, Gorte Nagusietako Presidentziari, Ogasun Ministroari
eta Europako Erakunde eta Gobernuei ezagutu araziko zaie.
Jatorria: Eusko Alkartasuna