Eusko Alkartasunak argi dakusa Kataluniak bere leku propioa egin duela nazioarteko mailan; orain buruz buru espainiar gobernuarekin independentzia negoziatzeko tenorea heldu da
Eusko Alkartasunak Kataluniako Gobernuak hartutako erabakiari babes osoa ematen dio: Independentzia mahaigaineratzen du, eta mahai berean negoziaketarako prestutasuna azalarazi. Gisa honetan, urriak bateko erreferendumean argiki hitz egin zuten herritarren gogoari, Governak emandako hitzari eta nazioarteko bitartekaritzari bide ematen zaio.
Espainiar Gobernuak du orain hitza, nahiz eta sekulan hitz egiteko gogorik ez asmorik adierazi. Honek ez du inolaz adierazten espainiar gobernuak beto eskubiderik duenik Kataluniarekiko; aurkakoa hain zuzen; errealitatea ikusi nahi ez duen eta arazo politikoei indar militarrarekin eta isun ekonomiko edo legalekin aurre egiten dionaren maila politiko eskasa agerian uzten du.
Esloveniak erabilitako estrategian oinarrituta, Kataluniako gobernua “bide katalana” jorratzen ari da, egon daitekeen zailenetarikoa, izan ere aurrean, demokrazia errepresio eta ez errespetu gisa ulertzen duen Estatu bat bait baitu aurrean. Horregatik, nazioarteko bitartekaritza ezinbestekoa da Kataluniak eskatzen demokrazia maila duina ziurtatzeko, eta nazioartean aitortua izango den Errepublika independentea lortzeko epe ertainean.