Gazte erakundeak jasan ezinezkoa den kontrolen ugalketa kritikatu du eta era horretan Guardia Zibila Estatuko Segurtasun Indarren nagusikeria agerian uzten ari dela adierazi du.
Guardia Zibilak Gipuzkoan azkeneko aste honetan ugaldu dituen kontrolak salatu ditu Gazte Abertzaleak-ek, jasan ezinak izatera iritsi baitira, Maider Carrere GAko idazkari nagusiak adierazi duenez. Bere iritziz, “Estatuko Segurtasun Indarren nagusikeriaren adierazle dira kontrol horiek”.
Gazte Abertzaleak-ek ez du inongo justifikaziorik ikusten kontrol kopurua hain nabarmen igotzeko, batez ere Goiherrin. Carrereren irudiko, “helburua euskal herria kikiltzea da” eta, horren ondorioz, “Ordizia, Beasain, Lazkao eta horiek bezalako beste hainbat herritako gazteek kezkaz hartu dute guardia zibilen presentzia, metraileta eskuan, etengabe identifikatzen dituztelako, abertzaleak izatea akusazio bakarra izanda”.
Egoera horren aurrean, herri honen duintasuna eta lasaitasuna bermatzeko, Gazte Abertzaleak-ek Guardia Zibila ez ezik, gainerako espainiar indar polizialak eta militarrak ere Euskal Herritik berehala eta lehenbailehen atera daitezela eskatu du, okupazio indarrak dira eta.
Jatorria: Gazte Abertzaleak