Haritza Camblong Erreka ttipiek ibai handiak egiten dituztela erran ohi da. Joan den asteburuan ere, Frantziako hizkuntza guttituak bildu dira, elkarren artean osatzen duten ibaia indartzeko. Han ziren Korsikarra, Bretainiarra, Kataluniarra, Okzitandarra eta Alsaziarra errekak, Euskara errekatxoarekin batera. Berberera, Arabiarra eta Tsiganen Erromaniarra errekak ere han ziren. Denen artean, gure hizkuntzen aldeko ibaia ahal bezain zabala eta azkarra izan dadin, ur-bide egokiena hautatzen saiatu dira. Bide bakar eta zehatz bat hartzea garrantzitsua da, ibaiak ez dezan sasoia galdu alde guzietara sakabanatuz. Bestalde, ahal bezainbat errekatxok ibaia atseman dezaten, ur-bide hori ongi kokatua izan behar da. Baldintza horiekin bakarrik lortzen ahalko da ibaiak, bere ibilbidea oztopatzen duen frantses jakobinismoaren presa suntsitzeko adina indar izaitea.
Pour Que Vivent Nos Langues / Gure Hizkuntzak Bizi Daiten elkartea duela bi urte sortu zen, frantses konstituzioko 2. artikulua aldatu eta Hizkuntza Minorizatuen Europar Hitzarmena izenpetu zezan Frantziak. Joan den Larunbatean, bere Biltzar Nagusia egin zuen Parisen. Biltzarran parte hartzeko aukera izan nuen, eta bide batez, elkartearen funtzionamendua eta helburuak ezagutzeko. Lehentxeago aipaturiko bi helburuez gain, epe ertainera, Frantziako hizkuntza guttituen Biltzar Orokorrak eta hizkuntza horien besta bat, lurraldeka antolatzea pentsatu da. Dudarik gabe, helburu ausartak!
Elkarte hau gehiago ezagutarazi nahi izan dizuet nere lehen Azken Hitza huntan. Elkartearen aurkezpen honen bidez, agian, Euskal Herriko errekatxo gehiago, Gure Hizkuntzak Bizi Daiten ibaira bilduko dira, konstituzioaren presa hausteko. Gero beharba, beste euskal ibaiekin batuz, hurrengo presa ere, frantses estatuak gure hizkuntzen eta hizkuntza hauen hiztunen eskubideen kontra duen jarrerak osatzen duen presa, suntsituko dugu.
Jatorria: Haritza Camblong