Hizkuntza politika berrien beharra aldarrikatu du Eusko Alkartasunak Euskararen Egunean
Abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna, gure hizkuntzaren eguna. Ospatzeko eta aldarrikatzeko eguna da bai baina ahaztu gabe aldarri horrek gure egunerokotasunean, gure eguneroko bizitzan presentzia izan behar duela.
Uka ezina gizarte erakundeek, euskaltzaleek eta erakunde publikoek egindako lana baina ezin gara lasaitu. Gure esku dago euskarak bizirik jarrai dezan. Urrun dago oraindik gure hizkuntzaren normalizazioa.
Guztion lana da, eta are gehiago erakunde publikoena beraien hizkuntza politiken bitartez, euskara hizkuntza ahulen zerrendatik ateratzea.
Aldarri eta ospakizun egun honetan ezin dugu ahaztu gure hizkuntzak eta euskaldun orok sufritzen ditugun erasoak. Azken honen eredu bezala Nafarroan euskaraz ikasi eta irakatsi nahi dutenen kontra irekitako sorgin ehiza. Beste eraso bat baina ez azkena ziurrenik.
Abenduaren 3an adierazpen ugari agertzen dira euskararen inguruan. Gure hizkuntzaren garrantzia goraipatzerakoan orrialdeak betetzen dira baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko unean aurkitzen gara. Adibide bezala Eusko Alkartasunak egindako proposamena abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna Euskal Autonomia Erkidegoan jai eguna izendatzeko. Zein izan da proposamen honi emandako erantzuna? Ezezkoa.
Ez gaitezen adierazpen hutsetan gelditu: herritarren aktibazioa ezinbestekoa da eta horretarako funtsezkoak dira hizkuntza politika berriak. Azken hauen bideratze eta gauzatze prozesuak ausartak izan behar dira eta hor kokatzen da erakunde ezberdinen ardura.
Ospa eta aldarri dezagun hizkuntza bat dugula baina ez ditzagun ospakizunak eta aldarriak egun bakar batera mugatu. Egunero, toki guztietan, edonorrekin eta edozertarako erabil dezagun euskara eta aldarrika ezagun gure hizkuntza lanerako, harremanetarako eta bizitzaren arlo guztietan erabiltzeko eskubidea.
Eusko Alkartasunak hizkuntzaren normalizazioa lortzeko pausuak emateko duen konpromisoa berresten du, hizkuntza politika eraginkorrak bultzatuz. Era berean, ez dugu ahaztu behar euskara guztion ardura dela eta gure herriko hizkuntza nagusia izateko euskara jakitea ez dela nahiko, bizitzaren arlo guztietan erabiltzea beharrezkoa da. Izan ere, Artzeren esaldiak dioen bezala, “hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek erabiltzen ez dutelako baizik”. Beraz, euskaldun guztion zeregina da gurea den hizkuntzaren normalizazioa lortze lanetan jardutea eta euskaraz bizitzeko eskubidea aldarria lau haizetara zabaltzea.