Onintza Lasa Arteaga Herri honetan itxaropen kanpaiak entzuten ari dira azken asteotan. Apirileko hauteskunde ostean, garai berri, etapa berri, legealdi berri eta honelakoak, sarritan entzun ditugunean, ikusteke gaude berri hori hoberen sinonimo den. Horrela izan dadin lan egingo dugu batzuek, zalantzarik gabe.
Urte gehiegitan daramate gure gizartean eguneroko errealitate izaten sufrimenduak, errepresioak, ukazioek, biolentziak, erasoek, azken batean eta orokorrean, giza eskubide indibidual zein kolektiboen urraketek eta baita horrek sortutako ondorio latzek ere. Horretaz gain, herri honetako egoeraren beste ondorio kaltegarri bat indar abertzaleen arteko akordio estrategikoak lortzeko aukera ezintasuna izan da, hori guztia arerio politikoaren mesedetan. Eta egia esateko, saio ezberdinak ere egon izan dira, urteetan zehar, konponbide bat emateko, printzipioz borondate ona suposatu behar zaien jarrerak eraginda.Dena den, nabaria da oraindik bakegintza eta normalizazio politikoaren helburua lortzeke dagoela eta, bitartean, herri honetan gatazkak bere hartan dirauela.Edozein gaizki ulertu, interpretazio txar, eta larriagoak diren sakon-sakoneko erroak dituzten gatazkek, baldin eta konponduak izan nahi badute, elkarrizketa dute bide bakarra. Arazo edo gako-an parte duten inplikatu guztien arteko elkarrizketa. Hori lehen mailako lana da: «Arazoak hitz eginez konpontzen dira», maxima hori egia borobila baita.Zer lekuren inguruan bildu, mahai zein beste edozein gune, une bakoitzeko partaideak, eta metodologia oro har, eztabaidatu eta adostu beharreko zerbait izan daitekeen moduan, elkarrizketarako borondate zintzoak zalantzaz kanpo geratu behar du azken helburua lortu asmo horretan. Bideak jorratu daitezke, baina, azkenean, erro politikoaren konponbideak zera izan beharko du Eusko Alkartasuneko kideek zinez sinesten eta ikusten dugunaren arabera: gizartearen babes soziala duten alderdi guztiak mahai baten inguruan bildu, norberak gatazkaren irtenbiderako dituen ideiak era askean planteatu ahal izatea, eta guztien artean lortutako adostasuna, eta halakorik izan ezean, gehiengoak erabakitakoa errespetatzea, politikaz kanpoko inongo interferentziarik gabe. Bazterketak eta askatasunik gabe ideiak planteatu ezinezko egoerak hankamotz utziko luke mahaia. Eta horrelakoetan, mahaiak ez du irauten zutik.Herri honek merezi du irtenbidea. Merezi du bakean bizitzea. Merezi du normalizazio politikoa. Hauteskunde emaitzek hori oso argi adierazten dute. Horretan alderdi politiko zein eragile guztiak ere bat baldin bagatoz, beste prozedura guztietan bidea egin daiteke.Bada beste egia borobil bat ere: baldin eta benetan, ñabardura eta ikuspegi asko dituen gai baten aurrean adostasunak eta pausoak eman nahi badira, komunikabideetako eztabaidek lagundu ez ezik, konponbidea eragotz dezakete. Sukaldeko lanaren beharra, gure herri honetan maiz entzuten den espresioa izanik, bere baitan diskrezioaren ideia jaso nahi du. Zalaparta eta elkarren arteko danbatekoak saihestu eta aurrez aurre, era diskretu eta serioan, lan jardunean norberaren planteamenduak ezagutu, ulertu eta ideiak alderatzea askoz ere emankorragoa izaten baita beti.
Ez dut uste gizartea ibilbidearen zirrikitu guztien berri izateaz arduratua dagoenik. Arduratzen duena da behingoz sufrimenduarekin bukatu eta gizabanako zein herri gisako eskubideak errespetatzea.
Egunotan «mahaia» da hizpide. Eztabaidarako mahai bakarra, bi edo zenbat diren beharrezko. Balizko mahaia biltzeko beharrezko baldintza eta une egokia zein ote den.Nire irudiz, bitartekoen ñabardura horietan publikoki sartzeak ez dio mesederik egiten lortu nahi den helburuari.
Adierazpenak adierazpen, aurre-elkarrizketa den fase batean gaude, oraindik elkarren arteko harremanak saretzeko garaian gaude. Horrek diskrezio handia behar du, bere denbora baitarama hainbeste urtetan etenda edo bere hartan impasse batean egon diren harremanak berreskuratzea. Eginkizun horretan lehenbailehen hasi behar da. Dagoeneko denbora gehiegi pasatu baitu herri honek bere sufrikarioan.Beste kontu bat da, alde guztien parte- hartzea ziurtaturik, mahai ofiziala eratzean, gaien inguruko adostasunak iritsiko direnean egon beharreko jokalekua. Ezinbestekoa da bortxakeriarik gabeko egoera bat, azkenean irtenbideak politikoa izan behar duelako (erro politikoa duen gatazka baten aurrean baikaude), eta bide politiko eta demokratikoak bortxakeriarekin uztar ezinak baitira.«Politikak bortxakeriaren amaierari ekarpen handia egin diezaioke». Horretan aspaldi geunden gu sinetsirik. Askotan bat egingo ez dugun planteamenduekiko errespetutik abiatuta, norberarenak azaldu eta aurrerapausoak emanez egingo da ibilbidea. Iragan abenduan printzipio batzuen inguruko proposamen bat aurkeztu zen Madrilen. Egun batean, eztabaida sakonik gabe, bertan behera bota zuten boto kopuruak erabiliz. Hala ere, proposamen hori erabat eztabaidagarri eta aldagarri izan badaiteke ere, baditu gatazkaren konponbiderako ezinbestean aztertu eta gutxienez, adostasuna lortzen saiatu beharko dugun bi zutabe: lurraldetasuna eta erabakitzeko dugun eskubidea, edo eskubidedun subjektua osatzen dugula.Bi gai horiek ezin izan ziren orain 25 urteko negoziazioan behar bezala konpondu, eta egiteke geratu zen, gaur egun bere hartan dirau. Mende laurden geroago, bigarren trantsizioari ekin behar zaio, amaiera eman behar zaio, eta, beraz, heldu egin beharko diogu benetako gakoari, gatazkaren sustraiari. Erantzukizunagatik, alderdien arteko ezberdintasunak alboratu eta indar eta kemen guztiak gure herriaren zerbitzura jarri beharko lirateke. Garai onenak ez omen dira inoiz abestiak dioenez; nire irudiz, oraintxe aukera bat egon badago ausardia eta erantzukizunez hasteko modurik. Nor izan daiteke konponbidea aurretik pasatzen ikusi eta joaten uzteko gai? Norberak egin beza gogoeta. Guk ez dugu oraingoan etengo betidanik egiten aritu garen lana; alderantziz, ahalik eta bide gehienak jorratzen saiatuko gara. Bai horixe!
Jatorria: Onintza Lasa