IMG-20210604-WA0002Euskal Hirigune Elkargoa lanean egonda, emaitza eta adostasun politiko handiarekin gainera, Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoako jendarteak Pirinio Atlantikoetako Departamentua behar ote duen galdetzen dugu, ekainaren 20an eta 27an Frantziar Estatuan egingo diren Departamendu eta Eskualdetako hauteskundeen aurrean. Gure aukera Departamentuak egun dituen hainbat eskumen Elkargoaren esku geratzea da, gertuko kudeaketa hiritarren mesedetan delakoan. Bitartean, eta kanpaina honetarako zuzenki, etxebizitzaren egoera eta ekologia izango dira gai izarrak.

Hauteskunde Departamentaletarako larrialdi sozial, klimatiko eta ekologikoaren erronkei erantzuteko programa landua aurkeztu du EH Baik, zerrenda boteretsuarekin batera. Hautestontzietatik aterako den Gobernu departamentalak garatuko dituen zerbitzu sozialekin bereziki kezkatuta gara.

Departamentuek eskumen zabalak dituzte Frantziar Estatuan, eta hiritarren egunerokotasunean garrantzi handia dauzkaten arloak kudeatzen dituzte, baita ekonomian pisu handia duten sektoreak, hala nola nekazaritza, industria, hezkuntza, osasungintza, errepideak, turismoa edota gizarte gaiak. Ipar Euskal Herriko abertzaleen helburua egun Departamentuarenak diren eskuduntzak Elkargoaren esku geratzea da, eta aldarrikapen horrek babes handia du gizarte eta politikaren sektore zabaletan. Horrela, Elkargoak autonomiaz garatu ahal izango du bere kudeaketa.

Euskal Herria sartu duten  departamentua Atlantikoko Pirinioetakoa -64- izanik, Euskal Herriak 12 kantonamendu osatzen ditu, eta Biarnok 15. Gure 12 kantonamendutan zerrendak aurkeztu dituen indar bakarra dugu EH Bildu, eta indar guztia jarriko gure ordezkariak behinola Nafarroako Parlamentuko egoitza izan zen Pabeko erakundean izateko.

Egun Ipar Euskal Herrian Elkargoak lortu duen adostasun politiko zabalari esker, ekainaren bigarren zatian egingo diren hauteskundeen emaitzek ez dute langiro ona askorik aldatuko. Izan ere, adostasun politikoa egoteaz gain, gizarteak atxikimendua erakutsi dio Jean René Etchegaray lehendakariak zuzentzen duen Elkargoari eta eginiko lanaren balorazioa erabat positiboa da. Harreman onak mantendu behar dira, noski, eguneroko lanean zenbait esparruren kudeaketa udalerri, Elkargo eta Departamentuaren artean egiten baita, eta hauteskundeak nork irabazten dituen garrantzitsua da erlazio hori ontzeko.

Eskualdeko hauteskundeei begira, Macron Frantziako presidentaren beldurra abstentzioa handitzea da, horrek bere alderdi “La République En Marche!”eri ezkorki eragin baitiezaioke. Ez da bada kasualitatea eskualdetako hauteskundeei kutsu nazionala emana, eta bere ministroak hainbat eskualdetako zerrendaburu jarri izana. Akitania Berriko eskualderako, Geneviève Darrieussecq Memoria ministroak betetzen du paper hori.

Berdintasuna

Datozen hauteskundeetako datu teknikoak aipatuta, hautets zerrendek berdintasuna bete behar dutela aipagarria da; kantonamendu bakoitzak bi hautetsi aukeratuko ditu; gizon-emakume derrigor. Hor doaz bada gure 12 emakume eta 12 gizon programa sozial, anitz eta berdea defendatzera!

Bestetik, eta Frantziar Estatuan ohikoa denez, bi buelta izango dituzte hauteskundeek. Bigarren txandara igarotzeko erroldaren %12,5a gainditu behar da. Zerrenda bakarrak lortuz gero hori, bigarren bozkatuena ere pasatzen da gutxieneko demokratikoak bermatzeko.

IMG-20210604-WA0006 IMG-20210604-WA0005 IMG-20210604-WA0004 IMG-20210604-WA0003 IMG-20210604-WA0002 IMG-20210604-WA0001 IMG-20210604-WA0000