Zilegitasun demokratikorik ez duten aitzakien bidez herri honen errealitate soziala eraldatu nahi izatea leporatu dio Ikerne Badiolak espainiar Gobernuari.
Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkaria espainiar Gobernuak proposatu duen Hauteskunde Legearen erreformaren aurka azaldu da, “perbertsio demokratiko itzela” delako. Bere iritziz, Rajoyren Gobernuak “herri honen errealitate soziala eraldatu nahi du zilegitasun demokratikorik ez duten aitzakien bidez”.
EAko buruzagiak erantsi du Madrilek ez duela onartzen Euskal Herrian ireki den agertoki politiko berria; independentistok bat egin dugula eta gehiengoa izango garela dakite, eta ez dute errealitate politiko hori onartzen”. Hori dela eta, salatu du, “inolako kutsu demokratikorik ez duten formulak asmatzen dituzte eta agerian uzten dute oso urduri daudela eta gatazka politikoaren konponbideari heltzeko adorea falta zaiela”.
Jatorria: EUSKO ALKARTASUNA