Martin Aranburu (EA-ko legebiltzarkidea Gasteizen)
Edozein gizartetan, hauteskundeek berebiziko garrantzia dute, herriaren iritzia hobekien ezagut daitekeen unea izanik, planteamendu politiko bakoitzak gizarteko kideen artean duen onarpen mailaren neurgailu onena baita. Boto lorpenen lasterketa horretan, hauteskunde kanpaina izaten da mezu politikoentzako bozgorailu garrantzitsuena, boto zalantzakorraren ehizan nork mezu eraginkorrena edo argazki erakargarriena lortuko itxaropenarekin. Hauteskunde egunean, ilunabarrean zehazki, alderdietako ordezkari guztiek pozik ekiten diote prentsaurrekoari, irabazle gisa, hauteskundeak beren proiektu politikoaren sendotzea gertatu dela argudiatuz. Halere, hauteskunde prozesu baten ostean dator benetako gogoeta garaia eta herriaren iritziaren irakurketak egiteko unea. Gauza bera egin behar dugu maiatzaren 25eko hauteskundeekin ere, are eta gehiago, Euskal Herriko udal eta Nafarroako legebiltzar hauteskundeak izan direla kontuan hartzen badugu, hau da, euskal lurralde gehien hartu dezaketen hauteskundeak.
Emaitzen irakurketa objektiboa egin ordez, irakurketa interesatu bat egin behar dut nik, ikuspegi independentista batetik, lortutako emaitzak herri honen askapen eta emanzipazio dinamikan ekar dezaketen balazta edo bizkorgailu mailan erreparatuz.
Lehendabiziko ondorioa. Eraikuntza nazionalaren aldeko apustua egiten duten alderdien emaitzak kontuan harturik, Euskal Herriko hegoaldean, hots Erkidegoan eta Nafarroan, alderdi abertzaleek -Eusko Alkartasuna, Batasuna, Aralar, Batzarre eta EAJ- 754.968 boz bildu dituzte, eta alderdi ez abertzale euskaldunek -PSE, PP/UPN, UA, IU eta CDN- 804.007 boz. Hortaz, 49.039 botoko aldea dago Hego Euskal Herrian indar abertzale eta ez abertzaleen artean. Datu horri Iparraldea gehitzen baldin badiogu, non jakina den indar abertzale euskaldunak gutxiengoa garela, autokritika zentzu apur bat jarri beharko genieke gure diskurtsoei, ekidin ezineko datu honetan erreparatuta: Euskal Herrian abertzaletasuna ez da gehiengo politikoa. Halere, ez pentsa ezkortasuna zabaldu nahian nabilenik; alderantziz, Hegoaldean abstentzioa %28koa izan dela kontuan hartuz gero; bestela esanda, 630.522 pertsonak bozkatu nahi izan ez dutela, abertzaletasuna hegoaldean nagusi izan daitekeela pentsatzea ez da Itakaren bila ibiltzea, arrazoizko posibillitate bat baizik. Ezkortasunik ez, errealitatea baino ez.
Bigarren ondorioa. Eraikuntza nazionala gainditurik, bakeratze eta normalizazio politikorako planteamendu berak egin dituzten alderdiei so egingo diet; bestela esanda, Lizarra-Garaziren aldekoek 846.357 eta aurkakoek 655.974. Iparraldeko datuak eduki gabe ere, lehendabiziko ondorioan bezalaxe, ekidin ezinezko kuestioa litzake denentzat arestian aipatutakoa: elkarrizketan oinarritutako gatazkaren konponketarako planteamendua onartu egiten du Euskal Herriko biztanleriak.
Hirugarren ondorioa. ETA erakundeak, maiatzean egindako komunikatuaren bidez, Espainiak debekatutako bozak oso baliotsutzat jotzen zituen Euskal Herria bake eta demokrazian oinarritutako herri eraikuntzan aurrera eramango duten bozak zirela esanez eta, ondorioz, aukera determinatu baten aldeko boto eskaera garbia eginez. Bada, 168.431 boz. Hegoaldean boto aukera duten euskaldunen %7,4. Datuak datuak dira, eta argi dagoenez ETAren estrategia konpartitzen duten euskaldun gutxik EAri, Aralarri, EAJri edo Batzarreri beren boza eman dietela, beraz, nire iritziz erabilgarria izan daiteke portzentaia hori ETAk Hegoaldeko euskal gizartean duen sostengua kuantifikatzeko neurgailu gisa. Eragile politiko bakoitzak bere ordezkaritza dauka, eta elkarrizketan oinarrituriko prozesua diseinatzeko eta adosteko garaian ezinbestekoa da bakoitzak norberaren ordezkaritzaren neurria ondo ezagutzea. Herriaren sostengua baldin bada bake, normalizazio eta baita ere eraikuntza nazionalerako prozesu batean parte hartzeko zilegitasuna ematen digun gakoa, ezin ditugu herri borondatetik kanpo dauden bestelako zilegitasunak erabili, zeren, bestela, helburuari baino erabilitako medioei emango liekete batzuek garrantzi handiagoa.
Laugarren eta gaurkoz azken ondorioa, Euskal Herriko hedabide gutxiegiek erreparatu diotena azken egunetan: Trebiñuko bi udalerrietan, Trebiñu Araban integratzearen aldeko jarrerak izan dira nagusi. Horrek ez dakar udalerri horien integrazioa, baina argi dago Gaztela-Leongo gobernuak bere gain jasaten duen presioak zilegitasun sendotze bat izan duela.
Ondorioak ondorio, bestea da orain erronka: abertzaletasunak lortutako ordezkaritza helburu baten lorpenaren zerbitzura jartzea: herri honen emanzipazio nazionala; hala ez bada, boto abertzale askoren erabilpen erratua egiten baita.
Jatorria: Martin Aranburu