Unai Ziarreta, EAren presidentea 50.000 sinadura baino gehiago biltzea espero du Unai Ziarreta Eusko Alkartasunako presidenteak eta “Madriletik inposatzen dutenaren” aurrean Euskadi “isilik geratuko ez” dela azpimarratu du.

Hispanitate Eguna aukeratu du Eusko Alkartasunak herri galdeketaren aldeko sinadurak biltzeko kanpaina hasteko.

Hainbat herritar hurbildu dira Bilboko Areatzara, sinatzeko eta bakearen eta normalizazio politikoaren inguruan kontsulta egitea eskatzeko.

Unai Ziarreta Eusko Alkartasunako presidentearen hitzetan, “erabakitzeko eskubidea onartzen zaionean herri honek irtenbidea bilatuko du”.

Bakearen eta normalizazio politikoaren inguruko kontsulta egiteko sinadurak biltzeko kanpaina hasi du gaur EAko presidenteak, 50.000 sinadura baino gehiago biltzea espero dutelarik. Bildutako izenpeak Giza Eskubideen Europako Auzitegira eramango dituzte, “Espainiako Estatuaren gaitasun demokratiko eza salatzeko”.

Komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan, “herritarren iritzia ezagutzea baino gauza demokratikoagorik ez dago”, nabarmendu du Ziarretak.

Zentzu horretan, “herri eta alderdi bezala Auzitegi Konstituzionalaren edo Espainiako Gobernuaren betorik ezin dugu onartu”, gaineratu du EAko ordezkariak.

 

Lotura: Albistea EITB24n
Jatorria: EP/EITB24