“Zer motatako proiektua eraiki daiteke etorkizunaren aurka zoazela aurpegiratzen duen pertsona batekin edota erabakitzeko eskubidea antidemokratikoa dela deritzon bazkide batekin?”, galdetu dio Pello Urizar, Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak eta EH Bilduko legebiltzarkideak Iñigo Urkullu lehendakariari gaurko Eusko Legebiltzarreko Osoko Bilkuran. Urizarrek zalantzatan jarri du gobernu proiektu bat izan dezaketen horren ezberdintasun sakonak dituzten bi alderdien artean: “Zaila da herri honek behar duen sakoneko proiektu politikorik eraiki ahal izatea”.
PSEko bi kidek, Idoia Mendiak eta Andoni Unzaluk, euskal abertzaletasunaren aurkako kritika gogorrak egin dituzte azken hilabeteetan, Le Pen eta Salvinirekin parekatzeraino, eta hortik abiatuta egin du galdera Urizarrek, eta horren herri ikuspegi ezberdina duten bi bazkideen arteko Gobernu akordioak ez diola “herri honek dituen benetako arazoei erantzuten” esan du.
“Herri honek sakoneko akordio politikoak behar ditu”, aldarrikatu du Eusko Alkartasunako idazkari nagusiak, “herri ikuspegiarekin, eta horretarako EH Bilduren eskuak luzatuta” dituela gogoratu dio EAJri.
Etxebizitzaren Legea
Gai ordeneko beste puntu batean, Maider Otamendi legebiltzarkideak Etxebizitzaren Legeak ez duela eraginkorra izateko beharrezkoa den garapena izan salatu du. 2015ean onartutako legea “etxebizitza politika oso aurrerakoia egiteko tresnak” eskaintzen dituela gogoratu du Otamendik, baina hori posible egiteko “modu egokian garatu behar da eta legearen garapena oso oso astiro doa”.
Zehazki, Legean jasota dauden lau puntuei buruzko gogoeta egin du EAkideak. Batetik, “Etxebizitza Legearen funtsezko elementua den eskubide subjektiboa, etxebizitza duin eta egokia izateko eskubidearen beraren aitortza”. Bigarrenik, “erabilgarri dauden etxebizitza-baliabideak, lehentasunez, egoera txarrenean dauden kolektiboentzako alokairuko etxebizitzak sustatzera bideratu behar direla” esaten duen atala. “Jenderik gabeko etxebizitzaren definizioa da, eta funtzio soziala betetzen ez duten etxebizitzetan esku hartu ahal izateko tresnak”, bestetik eta “Legea indarrean sartu eta urtebeteko epean sortu beharko zen etxebizitza arloan dauden enpresa publiko eta erakunde guztiak bilduko zituen Erakunde autonomoa” azkenik.
Puntu guzti horiek garatu gabe, Legea dokumentu hutsean geratzen kritikatu du Otamendik eta lehen bait lehen neurriak hartzeko deia egin dio Etxebizitza sailburuari. Zehazki, “Etxebizitza Legea garatzeko planifikazio zehatza aurkeztu dezala: garapenean eman beharreko urratsen eta beraien kalendarizazioa”.