Eusko Alkartasunako Arabako Asanblada bildu zen atzo egoera politikoa eta erronka hurbilenak aztertzeko
Arabako Eusko Alkartasunak bere asanblada bildu zuen atzo, herrialdeko egoera politikoa eta erronka hurbilenak aztertzeko. Iratxe Lopez de Aberasturi, Arabako Eusko Alkartasunako koordinatzaileak Arabak subiranotasun prozesuari egiten dion ekarpena azpimarratu du, egun herrialdean dagoen erabakitze eskubidearen aldeko gehiengo zabala erabakigarria dela esanda.
Erabakitzeko eskubidea eztabaida politikoaren zentralitatean kokatu den honetan, Arabako Eusko Alkartasunaren ustez, subiranotasunaren bidean aurrera egitea posible egiten duten gehiengoak ehuntzea oso garrantzitsua da, beti ere Ongizate Estatua indartuko duten ezkerreko alderdien konplizitateen beharra ahaztu gabe.
Araba anitza da politikoki, hizkuntzari dagokionez eta jatorrietan, eta ustelkeriari aurre egiten dio politikoki eta epaitegietan –De Miguel auzia kasu- baita bazterketa guztiei. Hori dela eta Euskal Herria eta bere jendartearen argazkia osatzeko beharrezkoa da, Lopez de Aberasturik esan duenez.
Horregatik, aniztasun politiko eta sozial hori islatzeaz gain, erabakitze eskubidearen aldeko alderdiak eta ezkerraren tradizio ezberdinak uztartzen dituen EH Bilduk arabar erakundeetan oinarrizko papera jokatzen jarraitu behar duela azpimarratu du EAko Koordinadorak: gizartearen aniztasunaren adierazgarririk onena baita. Zentzu honetan, alderdiak bere ibilbide eta baliabide politikoak –sozialdemokrata eta bakezalea- EH Bilduren aniztasunaren esku jarriko du, koalizioak Araban duen lidergo politikoa indartzeko.