Onintza Lasa Arteaga. Eusko Alkartasuneko komunikazio arduraduna
Hilabete dezenteren buruan negoziazioak izan ostean, Eusko Alkartasunaren eta Eusko Alderdi Jeltzalearen artean, datozen maiatzean, Euskal Herriko Hegoaldean, hainbat herritako, Batzar Nagusietako eta Nafar Legebiltzarreko ordezkariak hautatzeko egingo diren hauteskundeetan, bi alderdiok koalizioan joateko akordio orokorra onartu dugu.
Ez da lan erraza izan. Negoziazioetan beti gertatzen den moduan, norberak bere proposamenak egiten ditu, eta elkartze lan horretan, malgutasuna ezinbestekoa da. Gainerakoa ez da negoziazioa, inposaketa baizik. Bazeuden gako zail batzuk, baina, azkenean, irtenbidea lortu dugu.
Eta, finean, gure herriko egoera politikoa une berezi bezain zailak jasaten ari den honetan, baina hein berean itxaropenezko uneotan, koalizioa tresna, eskaintza baten gisa aurkezten da, datozen lau urteotan herri honetan ireki den aro politiko honi jarraipena eman asmoz. Horrek EAri, alderdi interesaz gain, herri interesak bultzatuta ekiteko esfortzua ekarri dio, eta horrela egin du, erantzukizun politikoagatik. Herri honetan ditugun eskubideen aldeko defentsaren lan eta ildo honetan aurrera jarraitzea abertzaleon eginbeharra dela kontuan izanez eta atzerapausoetarako bideak ekiditeko asmoz.
Eusko Alkartasunak, duela urte batzuk, marko juridiko politiko berri bateranzko Liburu Gorria proposamena aurkeztu zuen. Gure herriak duen zatiketa administratiboak baldintzatzen dituen Euskal Herriko hiru errealitate juridikoetatik abiatuta, pausorik pauso, eta era gradual batean, bide demokratiko eta politikoak soilik erabiliz, hau da, oinarrizko giza eskubideekin errespetuzkoak diren bideak erabiliz, independentziarako gure proposamena aurkeztu genuen, beti ere gizarteak izango duelarik azken hitza eta erabakia.
Eusko Jaurlaritzak irailean egin zuen Elkarbizitzarako Ituna proposamena. Eta horren arabera, alderdi guztiek, norbere egitasmo politikoa aurkeztu behar du, edo beharko luke, gero herri honetako pentsamolde eta egitasmo guztien arteko kontsentsu demokratiko zabal bat lortzeko asmoz. EAk beti egin izan duen bezala, oinarrizko giza eskubideen errespetutik eta, beraz, eskubide indibidual zein kolektiboak ere kontuan izanez erantzungo du. Subiranotasunaren eta lurraldetasunaren inguruko gaiak jorratuko dituen proposamena izango da, Euskal Herriari herri gisa dagozkion oinarri-oinarrizko eskubideak aitortuko dizkiona. EAn argi baitaukagu gure proposamenak ezinbestekoak direla, baldin eta herri honek bere autogobernuan garatu nahi badu, etorkizun hobea erdiestearren.
Herri honetan, ikuspegi politikoari dagokionez, gauzak mugitzen ari dira. Badaude hainbat kontzeptu, nahiz eta askok gogoko ez dituzten, hala nola autodeterminazioa, autogobernua, subiranotasuna eta abar, egun normaltasun handiz entzuten ditugunak, eta orain denbora asko ez dela, entzun ere egiten ez genituenak. Gizartearen gehiengoa herri honi bake egoeran bere herriaren etorkizun politikoari buruz galdetzearen aldeko agertzen da, erantzunen garaian norberak bere esatekoa izango duelarik eta gure aldetik, bederen, emaitza errespetatua izango delarik.
Ideia eta helburuak beraz argi izanik, Eusko Alkartasunak ordezkaritza izango duen foro eta esparru guztietan lan irmoa egiteko borondate guztia dauka. Hala, koalizioan subiranotasunaren aldeko apustua defendatzearren ezinbesteko bultzada emango dio. Eta aurrez ikusi izan den moduan, Estatua urduri zerbaitek jartzen badu, egoera baketsuan gure aldarrikapenak planteatzeko aukera izatea da. Egoera horretan zaila egingo bailitzaioke erabaki demokratiko baten zentzua ez onartzea.
Beraz, aurrerapausoak ematen jarraitu behar dugu. Ideiak hezur-mamitu eguneroko praktikan. Urratsez urrats, astiro baina iparra argi izanik herrigintzarako oinarriak finkatu.
Herri honek etorkizun hobea merezi du. Bakean eta normaltasun politikoan bizitza garatzeko aukera berandu baino lehen erdietsi behar dugu. Erronka horri erantzun behar diogu, orain arteko lanari jarraiki, seriotasunez, erantzukizunez, etorkizun hobe bati so eginez. Era bakarra da, bai ikuspuntu moraletik eta bai politikotik ere.
Eusko Alkartasunean argi baitaukagu oinarrizko eskubideak urratuz inoiz ez dela Herri eraikuntza edo beste edozelako eraikuntzarik egingo. Aitzitik, sufrimendu itzela sortzen du, gero eta familia gehiagori samina eraginez, elkarren arteko harremanak gaiztotuz, eta elkarbizitza baketsurako bideak uxatuz. Ikuspegi politikotik, berriz, gure herriaren eskubide nazionalak ukatu nahi dizkiguten indarrei abertzaletasuna indarkeriarekin nahasten jarraitzeko aukera ematen zaie. Beraz, ozenki eta argi exijituko dugu, orain artean bezala eta behar bezainbeste, indarkeriaren amaiera, bai gure herrian eta baita kanpoan ere; horrek ez baitu lekurik ez ustezko herri defentsaren izenean, ezta beste edozein interes politikoren defentsan ere.
Eta bestalde, tinko mantendu behar ditugu gure helburu politikoak, zilegi direlako. Azken batean, abertzaletasun-indarkeria arteko batuketa egin nahi dutenen aurrean, gure ideien defentsa egin behar dugulako, banakoaren giza eskubideez gain, herri eskubideak ere errebindikatuz, horiek ere eskubide baitira.
Jatorria: Onintza Lasa