Eusko Alkartasunak bere kontrakotasun irmoa azaldu du Audientzia Nazionalak martxan jarri duen Herriko Tabernen itxierarekin; bost urte baino gehiago dituen sententziaren exekuzioa, hain zuzen. Helburu bakarra “Euskal Herriko normalizazio politikoa eta bizikidetza kriminalizatzea, garaiarekin eta egungo gizartearen benetako beharrekin zerikusirik ez duten etekinak lortzeko”.
2020an “dena ETA da” filosofiaren harira egindakoen ondorioak aplikatzeak agerian utzi du euskal gizarteak nahi duen normalizazioa, bakegintza eta bizikidetza-prozesuan aurrera egiten jarraitzeko zailtasunak daudela. Orain arte emandako pausoak “euskal herritarrek, ordezkari politikoek eta gizarte eragileek egindako esfortzu eta eskuzabaltasunari esker eman dira”, adierazi du Eusko Alkartasunak.
Pandemiaren testuinguruan zentralizazio politikoa eta “guztiontzako kafea” indartzen ari diren une hauetan, Herriko Tabernen epaiketa Terrorismoaren Aurkako Itunean oinarritzen dela gogoratu behar da. Itunaren helburua erabat politikoa izan zen, eta Eusko Alkartasuna, baita EAJren, jarduera politikoa aipatzen zuen gehiago testuak ETA bera baino.
Euskal gizarteak aurrera egiten jarraituko duela azpimarratu du Eusko Alkartasunak, Euskal Herriko normalizazio politiko eta sozialaren aurrerapen bakoitzari atzerapauso batekin erantzuten duen Estatu espainiarra gaindituta. Ikusteko dago, dio Eusko Alkartasunak, Espainiako Gobernua “Estatuaren estoldak gainditzeko gai den, euskal gizarteak eskatzen dituen erabaki historikoak hartzeko; horrek ere espainiar jendarteari on egingo dio”.