EH Bildu koalizioak ezinbestekotzat jo du euskal herritarrei hitza ematea euren bizitzetan eragiten duten arlo guztietan erabaki dezaten. Estatuko alderdiek “espainiar batasunaren aldeko frontea” osatzen ari direla ohartarazi du
Koalizioak, hainbat eragile sozialek eginiko ekarpenak jaso eta gero, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Herritarrak Ahalduntzeko Lege Proposamena datorren asteartean, azaroak 3, erroldatuko du ofizialki Legebiltzarrean, EH Bilduk gaur iragarri duenez. Koalizioaren esanetan, “lege hori funtsezko tresna izango da herritarrei hitza eta erabakia emateko; herritarrak ahaldundu nahi ditugu erabakitzeko eskubidea gauzatzeko, herritarrek erabaki dezaten herri honen estatus juridiko-politikoa ez ezik, egunerokotasunean eragiten dieten arlo guztietan ere. Demokrazia benetan parte-hartzailea sustatu nahi dugu, ez da nahikoa lau urtetik behin botoa ematea”.
EH Bilduren ekimen hau testuinguru politiko zehatz batean kokatu beharrekoa da. “Katalunian prozesu demokratiko independentista abian da eta, horri aurre egiteko, Estatu mailako alderdiak espainiar batasuna bermatzeko frontea osatzen ari dira, Mariano Rajoyk, Albert Riverak eta Pablo Iglesiasek gaur bertan irudikatuko dutena, hain zuzen ere”. Egoera politiko honetan, erantsi du EH Bilduk, “Euskal Herrian ere prozesu demokratikoa bultzatu behar dugu modu aktiboan, euskal jendarteak esparru guztietan erabaki ahal izan dezan. Horixe da Herritarrak Ahalduntzeko Legearen oinarrian dagoena, aipatutako prozesu demokratiko horretan funtsezko tresna izango delakoan”.