Nafarroako herritar ezkertiar, abertzale, euskaltzale eta aurrerakoi orori ekimen honekin bat egiteko deia luzatu diete.
Iragan larunbatean hamarnaka herritarrek prentsa agerraldia burutu zuten Nafarroan aldaketa politiko eta sozialari bultzada berria emateko. Pertsona hauetako asko aspaldi ari dira bazterketarik gabeko indar metaketaren aldeko lanean, Nafarroa Aldatzen bezalako ekimenen bidez. Larunbateko agerraldian “pertsona asko garela aldaketa politiko eta soziala bilatzen dugunok” azpimarratu zuten, eta hori lortzeko adierazi zuten “eraginkorrak izateko indarrak biltzea ezinbestekoa dela, horretarako bazterketak, betoak eta interes alderdikoiak alde batera utzirik”.
Horren aurrean Eusko Alkartasunak bilera hau egiteko gonbitea luzatu zuen, herritar hauek aldarrikatzen zuten subjektu politiko berriaren proposamenaz aritzeko. Larunbatean irudikatu zen aniztasunetik abiatuta eta lotzen gaituenari helduz, subjektu elektoral herritar, ezkertiar, aurrerakoi eta abertzale berri bat sortzeko aukeraz aritu gara, sintonia handiz gainera. Eusko Alkartasunak bere adostasuna adierazten du larunbatean publiko egin zen agiriaren edukiarekin eta alternatiba politiko eta soziala bultzatzeko aliantza bateratzaile berri horren garrantzia azpimarratu du.
Beraz, konplexurik gabe eta herri honekiko dugun arduraren jabe subjektu elektoral berri bat sortzea erabaki dugu. Garai historikoa bizi dugu eta aldaketa politiko eta sozialaren alde ahalik eta indar gehienak bildu nahi ditugu. Herritarrak ardatz izango dituen bateratze eredu berri bat sortzeko beharra baieztatzen dugu, gizarteak aldarrikatzen duen elkarlanari erantzungo diona.
Hala, herritar ezkertiar, abertzale, euskaltzale eta aurrerakoi orori ekimen honekin bat egiteko deia luzatzen diogu. Horretarako beraien atxikimendua herritarrongaraia@yahoo.es helbidera bidal dezatela eskatzen diegu. Euskal Herriak bizi duen testuinguru berezi honetan herritarron garaia iritsi da.
Jatorria: Eusko Alkartasuna