Hezkuntza publiko laikoa defendatu du Miren Aranoak gaur gai berdinari buruzko hiru ekimen eztabaidatu den Nafarroako Parlamentuan egin den Osoko Bilkuran. Azken Osoko Bilkura eta gero EH Bildu, Podemos eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako ekimena aurrera aterako zela zirudien arren, GeroaBaik UPN eta PPrekin batera bozkatu du hori ekiditeko. Ondoren, laikotasunaren bidean aurrerapausoak ematea Espainiako Gobernuaren esku uzten duen ekimena defendatu du GeroaBaik.
EH Bilduren hezkuntza eredua “eskola publiko laikoa” dela esan du Aranoak. Izquierda-Ezkerra eta Podemosekin batera aurkeztutako ekimenak laikotasuna lortzeko aurrerapauso erreala zen, EH Bilduko legebiltzarkideak eta Nafarroako EAko koordinatzailearen esanetan, “eskolan erlijioari emandako orduak legeak baimentzen duen minimoan ezarriko lukeelako: astean ordubete”.
Ekimenak beste abantaila ere badu, “Nafarroaren esku” egotearena, “ez da Espainiako Gobernuaren erabakiaren zain egon behar”. Ñabardura garrantzitsua da, azkenean eta GBaik aurkeztuta –eta EH Bilduren botoekin- onartu den ekimenak Espainiar Konstituzioaren 27. artikulua aldatzea proposatzen du. Horrek, “gurasoek semeek beren sinismenekin bat datorren erlijio hezkuntza jasotzeko eskubidea” dutela bermatzen du.
Aranoak errezeloa agertu du, “erabakia eta ardura PSOErengan geratzen” delako, aukera asko izan baitute sozialistek legea aldatzeko eta inoiz egin ez.