Jaurlaritzak datorren ikasturtean LOMCE aplikatzen hasteko lehenengo urratsak eman dituela jakinda, EH Bilduk azalpenak eskatu dizkio gaur Legebiltzarrean Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuari. Bere erantzunak, aldiz, susmoak baieztatu ditu, argi utzi baitu Iñigo Urkullu buru duen Gobernuak “LOMCEren aldeko hautua egin duela eta, beraz, bizkarra eman diola lege hori ez aplikatzeko eskatzen ari den euskal jendarte osoari”, Juanjo Agirrezabalak salatu duenez.
EAko militante eta EH Bilduko legebiltzarkide denak LOMCEren kontrako sailburuaren hitzak ekarri ditu gogora, eta ohartarazi dio lege hori aplikatzen hasteko erabakiarekin “sinesgarritasun osoa galdu” duela. Agirrezabalaren esanetan, “Jaurlaritzak mesfidantza zabaldu du euskal jendartean, sektoreko eragile guztiak LOMCE ez aplikatzea eskatzen ari direnean, berak kontrako bidea hartu eta Wert ministroaren alboan lerrokatu delako. Oso larria da euskal jendarteari berari iruzur egiten ari zaiolako, euskal hezkuntza sistema PPren obsesioen menpe jarriz”.