Urriaren 2an eta 3an izango da jendeaurreko entzunaldia, Bilboko Euskalduna jauregian, eta Joseba Azkarraga Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburuak inauguratuko du.
Hirurehun pertsona inguru interesaturik agertu dira ezgaitasunak dituzten pertsonak Euskal Autonomia Erkidegoko lan-merkatuan sartzeko planaren zirriborroari buruzko jendeaurreko entzunaldian parte hartzeko. Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak eta bestelako erakunde eskudunek egindako zirriborroa aurkeztuko da eta proposamenak eztabaidatuko dira datozen urriaren 2an eta 3an Bilboko Euskalduna jauregian.
Bi egun horietan ezgaitasunak dituzten pertsonak lan-merkatu arruntean sartzearekin zerikusirik duten zenbait gai mahaigaineratuko dira, eta planaren zirriborroan jasotako xedapenei buruzko gogoeta egiteko baliatuko diren txostenak aurkeztuko dira.
Oraindik ez dago erabat itxita eztabaidan parte hartuko duten taldeen osaketa, baina aurrera daiteke, nolanahi ere, Informazioari eta Prestakuntzari buruzko taldea ugariena izango dela.
Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak sustatutako plana ekintza positiboa da, enpresek ezgaitasunak dituzten pertsonak kontratatzeko obligaziotik haratago heldu nahi duena, kolektiboa bera mugiarazi nahi duena, eta bereziki, enpresa-buruak.
Apirilaren 7ko 13/1982 Legea, Ezinduak gizartearatzeari buruzkoa, 38. artikuluan ezartzen duenez, ´50 langile edo gehiago kontratatzen dituzten enpresa publikoek edo pribatuek behartuta daude langile horien artean gutxienez ehuneko 2 ezinduak hartzera´.
Jatorria: Joseba Azkarraga