Mikel Irujoren ustez, Espainiako Gobernuko presidentearen inbestidurako hitzaldiak ´mamirik gabeak´ izan dira. Gainera, Cristina Garmendia ministro berriari Berrikuntzako eskumenak emateko eskatu dio. Mikel Irujo EAren Komunikazio idazkari nagusiak gaur adierazi duenez, Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak inbestidura ekitaldian eman dituen hitzaldiak ´modu askotara mozorrotuak´, baina ´mamirik gabeak´ izan dira. Hori dela eta, ´hitz politak´ eskaini beharrean, ´emaitzak´ nahi dituztela aldarrikatu du Irujok.

EAko eleduna oso ezkorra da Zapaterorekiko, Donostian eman duen prentsaurrekoan agertu duenez. Irujok uste du Zapaterok ez zuela ´sakondu´ asmoak azaltzerakoan, horregatik, ´Gobernuaren ekintzak zehaztu arte´ itxaron beharko dutela adierazi du.

EAren eledunak salatu duenez, iragan legegintzaldian ´Euskal Herriaren balantzea zero izan da´. Irujok ohartarazi du, era berean, Zapaterok elkarrizketa eta adostasuna aldarrikatzen duen bitartean PPri ´eskua´ eskaintzen diola, ´´Ajuria Enea II´ bat ezkutatu´ dezakeelarik.

ESKAKIZUNA GARMENDIARI

Cristina Garmendia ministro berriari Berrikuntzako ´eskumen historikoa´ Eusko Jaurlaritzari emateko eskatuko diotela iragarri du Irujok.

EAko agintariak azpimarratu du Garmendiak ´ibilbide profesional paregabea´ duela eta EAk emaitza berberak exijituko dizkiola Zientzia eta Berrikuntza Ministerioan. Gernikako Estatutuan eskumen hori aitortu bai, baina inoiz ez dela eman salatu du Irujok.

JAUREGI AUZIA

EAk argi utzi nahi izan du Gipuzkoako lehengo Aldundian zituzten kargudunek ez dutela ´ezkutatzeko ezer´ Jon Jauregiren datu fiskalei buruz.
Jatorria: Mikel Irujo