Koalizioak kezkaz hartu ditu A, B eta D ereduak indarrean mantentzeari ateak irekitzen dizkioten Hezkuntza sailburuaren adierazpenak, euskal jendarteak sistema hori aspaldi gaindituta dagoela argi utzi duelako.
EH Bildu legebiltzar-taldeak kezkaz hartu ditu Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburu Cristina Uriartek azken egunotan egindako adierazpen publikoak, “hasi berri den legealdiari begira hizkuntza ereduen sistemari eusteko nolabaiteko asmoa agerian utzi baitu”, Juanjo Agirrezabalak azaldu duenez. Legebiltzarkidearen esanetan, “Uriartek A, B eta D ereduak indarrean mantentzeari ateak ireki dizkio, baina hori lekuz eta denboraz kanpo dago, urtez urte euskal jendartea argi eta garbi uzten ari delako hizkuntza ereduak aspaldi gaindituta daudela”.
Pasa den legealdiko Hezkuntza sailburu Isabel Celaak berak ere hizkuntza ereduen sistema gainditzeko garaia iritsi dela publikoki aitortu duela gogora ekarri eta gero, Agirrezabalak norabide horretan lan egiteko eskatu dio Cristina Uriarteri, “euskarazko ereduen aldeko familien apustua gero eta nabarmenagoa delako eta A eredua indarrean mantentzea legean ezarritako hizkuntza helburuak lortzearekin bateraezina delako”.
Ildo horri jarraituz, EH Bilduko ordezkariak hizkuntza ereduak gainditu beharra berretsi du, “euskara ardatz izango duen eredu bakar, eleanitz eta malgu baterantz jotzeko”. Koalizioak aldarrikatutako eredu berriaren xedea litzateke derrigorrezko hezkuntza amaitzean euskal ikasleek EAEko bi hizkuntza ofizialak ongi menderatzea eta beste hirugarren batean ere (ingelesa, frantsesa…) aritzeko gai izatea.
Jatorria: EH BILDU