Eurovisionen ikurriñaren debekuaren ohiartzunarekin hasi genuen astea; amaitzeko aldiz, beste bandera baten inguruko polemika sortu da: estelada debekatua izan zen hasiera batean gaur ospatuko den futbol koparen finalean. Estelada bandera demokratiko bat da –ofiziala izan ez arren-, gizarte katalanaren zati handi bat ordezkatzen duen sinboloa. Paradoxikoa dirudien arren, estelada betatua izan zen bandera franquista eta inkonstituzionalak ohikoak diren estadio batean.
Jada ikusi dugun zerbaiten aurrean gaudela dirudi. Urtebete pasa da Bartzelona eta Atheltic lehiatu ziren final hartan euskaldun eta katalanek espainiar erregearren aurka egin zuten txistualditik. Hilabete honetan, hain zuzen ere, txistualdi horretatik eratorritako agiria bertan behera utzi du justiziak.
Jada ikusi dugun zerbaiten sentsazioaz gainera, eraso horiek guztiak Euskal Herri eta Kataluniako sinbolo nazionalen errepresioaren aldeko pauskoak direla uste dugu. Aurrerapauso bat egin hala, askatasun esparruak gutxiago dira.
Ohikoa da kirola eta politika eztabaida berean sartzea eta iritzi guztiak errespetagarriak dira. Halere, onartu beharra dago bi esparru horien nahasketa Estatuen partetik etorri dela gehien bat. Esaten dugunaren adibide da, Jesse Owensen garaipenak Berlinen Hitlerren aurrean, Gerra Hotzean olinpiadek jasandako boikotak, besteak beste. Kirol lehiaketak, ordea, aldarrikapen alternatiboetarako ere erabili dira. 1968an, esaterako, Mexikoko Joku Olinpikoak historiara pasa dira, podiumean black power-a ordezkatzen zuten kirolari estatubatuarrak iritsi zirelako. Ezin daiteke esan kirola eta politikaren arteko erlazioa berria denik. Tampoco en el Estado español, donde la Copa es “del rey”, como antes lo fue “del Generalísimo”.
Estatuek kirola eta politika nahastu dezkete, ez estaturik gabeko nazioek ordea; horregatik selekzio propia izateko aukera ukatzen digute. Horregatik debekatzen dituzte estatuen oinarrien aurkako aldarrikapenak, erregeari txistu egitetik bandera independistetara.
Eurovisioneko Jaialdiaren aurrean ikurriñaren debekuaren aurrean kexu den gobernua berak, ez du logikaz ikusten bandera hori Iruñako txupinazoan udaletxeko plazan egotea, Gaztelako eta Peruko bandera eta senyerarekin batera. Gobernu horixe izan da Europan ikurriñaren inguruan ideia bat zabaldu duena, ikurriña Islamiar Estatuko banderarekin alderatu du eta gauza bera ordezkatzen dutela dio: biolentzia.
Esteladaren aferaren atzean ere ustezko biolentzia hori dago, ahaztu egiten dute, ordea, lehengo urteko Kopako finalean, euskal eta katalan “errebeldeek” jokabide apropos baino aproposago izan zutela.
Sinboloak debekatu nahi direnean, kaleetatik –edo estadioetatik- gizartearen babesa duten ideia demokratikoak atera nahi dira eta, gainera, beste sinbolo batzuk inposatu nahi dira.
Paradoxak, inboluzioak, atzerapausoak eta gauzak alda ez daitezen oztopoak. Inmobilismo horretan ere politika egiteagatik kondenatua izan den jendea dago. Hasier Arraizek legebiltzarra utzi behar izan du bere jardun polikoarengatik. Fiskaltzaren salaketan ETAko kide zela esaten da. Gainera, “ETAko kide” izateagatik ze gauza egin zituen ere zehazten da: bilera politikoak, batzarrak, onartutako manifestazioak eta hitzaldiak. Hau da, politika bere horretan.
Eusko Alkartasunak beti esan du ideiak direla mugimendu subiranista bultzatzen dutenak eta modu berean Estatua hasarratzen dutenak. Horregatik debekatzen dituzte. Horregatik ez dute ideia horiek ordezkatzen duten sinbolorik ikusi nahi.