Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak Reyes Maroto Industria ministroari galdetu dio ea Espainiako Gobernuak aeronautikaren sektoreari laguntzeko planik duen, lanpostuak, lan-baldintzak eta enpresen jarraipena bermatzeko.
Idurre Bideguren sektoreko langileen ordezkariekin bildu ostean, bere ahotsa Senatura eraman nahi izan du, eta EAEn sektoreak “industrian duen pisua” gogorarazi du. Zentzu horretan, sektoreak “prestatutako langileak eta I+G+b arloan ahalegin handiak” eskatzen dituela gogorarazi du. “Sektore honetan administrazio publikoa zuzenean inplikatuta dago, enpresa garrantzitsu batzuetan parte hartuz, estrategikotzat jotzen delako”.
Idurre Bidegurenen hitzetan, “krisi honen aurretik aurreikuspen positiboak zituen sektorea da”, baina “mugikortasuna murrizteko eta pandemia kontrolatzeko beharrezko neurriek eragin zuzena izan dute”.
“Egoera zehatz baten ondorioz azaldutako arazo baten aurrean akatsa litzateke sektore estrategiko batean balio handiko enplegua galtzea. Baliteke kaleratze horiek sektorea desegitea. Askoz hobe litzateke formulak adostea, adibidez, lanaldi-murrizketak, epe laburrean arazo bati erantzuten diotenak, etorkizuna hipotekatu gabe “.
EH Bilduko senatariak gogorarazi duenez, “epe luzerako erronka garrantzitsuak dituen sektorea da, baina une honetan ekaitzaren erdian daude eta, beraz, laguntza behar dute bizirauteko”. Horregatik, ” ABEEEak luzatu eta lan-baldintzak mantendu behar dituzte, oxigeno gehiago behar dute, kredituak itzultzeko erraztasunak behar dituzte. Azken finean, erakunde publikoen inplikazio handiagoa behar dute “. “Diru publikoaz baliatzen diren enpresetan eta are gehiago sektore publikoaren partehartzea dagoenean jabegoan, ezin da onartu lanpostuak suntsitzea”, azpimarratu du.