Idurre Bideguren EH Bilduko senatari eta EAkideak une historikotzat jo du egungo egoera politikoa. Horrela azaldu du gaur goizean koalizioko ordezkariak Bizkaia Irratian izandako elkarrizketan. Legealdi berriari begira EH Bilduren lehentasunak zeintzuk izango diren galdetuta, Bermeoko alkate ohiak hiru arlo azpimarratu ditu: egoera soziala, erabakitzeko eskubidea eta bake prozesua integrala izateko neurriak hartzea.
Agenda sozialari dagokionez EH Bilduko senatariak argi dauka “azken urteetan lege antisozialak aurrera atera izan direla eta lehen neurria horiek atzera botatzea” izan behar dela. “Arlo sozialean aurreko inbestiduran entzundakoak baino soinu hobea dute aurkeztutako neurriek. Momentuz baina, hitzak dira, gero ekintzetara pasa beharko dira eta aurrekontuetan islatu. Erantzuna eman behar zaio pentsionisten egoerari, lan prekarioari eta soldata minimoei, larrialdi klimatikoari, kultura matxistaren aurrean neurriak hartu behar dira…”. “Arlo sozialean lan amankomuna egin daitekeela dagoela dirudi, ikusiko dugu noraino heltzen diren”.
Bigarrenik Idurre Bidegurenek esan du “momentu hau historikoa” dela, “alde batetik gobernu ezberdin bat dugulako eta beste aldetik, nahiz eta nazioaniztasuna oraindik ez onartu, gobernua prest agertu delako horretaz hitz egiteko”. “Subirautzaren gaia mahai gainean jartzeko momentua da. Momentua da subiranistak gure artean batzeko. Estatu espainolean badaude indar suberanista ezberdinak, aspirazio ezberdinekin, eta denon artean lan amankomuna egin dezakegu”.
Gureganatu gabe ditugun eskuduntzak eskuratzeko aukera ez du argi ikusten ERC eta EH Bildu ordezkatzen dituen senatari independentistak: “40 urteetan bete ez dena ez da beteko 2020an. Gainera hor guretzako oso transferentzia inportanteak daude, haientzat ere garrantzitsuak direnak. Adibidez Segurantza Soziala gure esku izatea eta pentsioen inguruko neurriak hartu ahal izatea oso positiboa izango litzateke”. “Gure beharrei erantzuteko, gure erakundeetan zenbat eta soberania gehiago izan hobeto. Hortik doa gure eskaera.” Edozein kasutan senatariarentzat “beste eszenatoki batean gaude orain; estatututik haratago joan behar dugu”.
Idurre Bidegurenek azaldu duenez, hirugarren lan esparrua da “bake prozesua benetan integrala izatea”. “Beharrezkoa dugu presoen aferari erantzuna ematea”. “Salbuespen neurri guztiak bertan behera geratu behar dira lehen bait lehen, beraien legea bete dezatela eta dispertsioarekin amaitu. Ez da normala 2020an preso gehien dauden erkidegoa Andaluzia izatea. Espero dugu gobernu honekin bide horretatik ere gauzak lortzen joatea”.
Azkenik, Kataluniaz eta elkarrizketa mahaia sortzeko aukeraren inguruan galdetuta Idurre Bidegurenek erantzun du “berbak soinu diferentea du, baina ea borondatea egia bihurtzen den”.