Idurre Bideguren EH Bilduko senatariak ikus-entzunezko komunikazioaren lege-proiektuari buruzko eztabaidan parte hartu du. “Gure ustez, beharrezko legea da, bizi izan diren aldaketa guztietara egokitu behar delako”.
“Alde positibo batzuekin datorren legea da, aitortu behar da, eta alde horietako batzuk hobetu egin dira sartu ditugun zuzenketekin. Baina sentitzen dugu aukera bat galdu dela lege aurrerakoi bat egiteko. Erakundeen ahultasuna ikusi dugu plataformen eta operadoreen boterearen aurrean, berriz ere”, salatu du Idurre Bidegurenek.
Besteak beste, kritikatu du ia automatikoki luzatzen dituela lizentziak eta 15 urtez mantentzen dituela, eta “hori gehiegizkoa iruditzen zaigu”. “Eta, gainera, tratu diskriminatzaile mesedegarria ematen die Estatutik kanpoko operadoreei, zenbait betebeharretatik salbuetsita, bai hizkuntza-kuotetan, bai adinaren araberako kalifikazio-araudian, adibidez”.
Bestalde, Idurre Bidegurenek azpimarratu du ekoizle independentearen definizioaren aldaketarekin etorri zela lege honen tramitazioan izandako atzerakada handia. Sortzaileak umezurtz sentitu dira konglomeratu korporatibo handien aurrean”.
Nabarmendu du, halaber, “lege horrek kezka eta segurtasun juridikorik eza eragin dituela irabazi asmorik gabeko irrati bidezko ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzuetan, ez baititu ezartzen irabazi-asmorik gabeko telebista-modalitatearen prozedura eta eskumen berberak arauak garatzeko”.
“Horregatik guztiagatik, zuzenketa batzuk aurkeztu ditugu, gai horiek guztiak hobetzeko asmoz”. Aurkeztutako emendakinak ez dira onartu eta EH Bilduren botoa lege horren aurkakoa izan da.