· Azkarragaren iritziz, “merkatuak eskatzen dituen titulazioak zeintzuk diren ikusita, bistan da egokitze bat beharrezkoa dela. Kopuru osoari buruzko gogoeta bat garrantzitsua izanagatik ere, baliteke garrantzitsuagoa izatea kopuru hori titulazioen araber
Joseba Azkarragak bere poza adierazi du, gaur goizean, ikasketak 1999an amaitu zituzten UPV-EHUko Unibertsitate Tituludunen Laneratzeari Buruzko Inkestaren emaitzengatik. Promozio hori 10.392 pertsonek osatu zuten, eta horien %59 emakumeak ziren. Era horretako lan bat egiten den bigarren aldia da honako hau, iaz ere eman baitzen 1998ko promoziako datuen berri.

Aipatutako poza bikoitza da. Izan ere, alde batetik errealitateak demostratzen duelako erakundeen arteko lankidetzak ¾kasu honetan, UPV-EHUko Gizarte Kontseilua, Euskal Herriko Unibertsitatea eta Eusko Jaurlaritza¾ emaitza onak dituela; bestetik, “hau bezalako lanek edukiz betetzen dituztelako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak lan-merkatuaren gainean, hain garrantzitsu eta beharrezkoa den gai horretan, dituen eskumenak”.

Horren ildotik, Eusko Jaurlaritzako sailburuak aurreratu duenez, lankidetza horri egonkortasuna eta jarraikortasuna eman nahi diote, baterako finantzatzaketarekin, enplegurako zerbitzuen inguruko eduki espezialdu berriak zabalduz.

«Halaber, adierazi du era horretako informazio-lanak unibetsitate guztietara (Deusto, Mondragón UNED) zabaltzeko harremanetan dagoela, gure enplegu-politikei egokitzeko.

Inkestaren datuak

Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailaren mende dagoen Egailan Sozietate Publikoko Lan Merkatuaren Behatokiak egin du inkesta, 2003ko urtarrila eta martxoa bitartean, telefono elkarrizketen bidez. Aurten lortutako erantzun maila bikaina izan da, %78koa (8.098 pertsona). 8 puntu 2002an lortutakoaren gainetik.

1999ko promozioaren laneratze-maila %87koa da. Ikasketak amaitu eta hiru urteetara, %82,5 lanean ari dira, %12 langabezian daude, eta %5,5ek ikasten darraite.

98ko promozioaren azterketarekin alderatuz, laneratze indizea bi puntu baxuagoa da. Jaitsiera hori azaltzeko, adierazi du Azkarragak, kontuan hartu behar da demografiaren, ekonomiaren eta enpleguaren testuingurua.

Testuinguru hori kontuan hartuta, 99ko promozioaren langabezi tasa %13koa izatea zentzuzko emaitzatzat jo daiteke. Kontuan izan behar da inkestan aztertutako kolektiboa emakumeek eta gazteek osatzen dutela nagusiki, eta horiek direla laneratze-indize okerrenak izaten dituztenak.

Beste alderdi aipagarri bat da emakumeek duten laneratze-maila eskasagoa, aurreko promozioan ere aurkitu zena. %88tik %86ra igaro da 1998-99 promozioentzat. Egungo lan-merkatuaren egoera orokorra islatzen du horrek. Gizonezkoen laneratzea ere puntu bat jaisten da, %90tik %89ra.

Langabezi tasa hori ere modu desberdinetan banatzen da ezagutza-arloen arabera.

Modu horretan, Giza Zientziak dira, tituludun kopuruaren arabera, enplegu-tasa txikiena dutenak, ekonomia- eta lege-karreren aurretik. Bi karrera moten artean promozioko tituludunen %46 hartzen dute, eta langabetu tituludunen %56.

Aitzitik, teknologia- eta ingeniaritza-karrerek ikasle gutxiago biltzen dituzte, tituludunen %17, eta %7,5eko langabezi tasa baino ez dute. Tasa horrek igoera txiki bat izan du azken bi urteotan, etektronika- eta komunikazio-sektoreak izan duen krisiagatik.

Laneratzearen azterketa zehatza karreren arabera

Karrera teknikoak (ingeniaritza teknikoak eta goi-mailakoak, Arkitektura, Informatika eta Nautika) oso laneratze azkarrekoak dira, eta lana aurkitu duten ikasleen ehunekoa handia da (%94). Gizonezkoak dira horietan nagusi, eta kalitatezko enplegua eta ondo kokatua (ikasi den horretan lan egiten da) daukate.

Zientzia zehatzen eta saiakuntza-zientzien (Biologia, Biokimika, Geologia, Matematikak, Fisika eta Kimika) emaitza aldatu egiten da batetik bestera. Emakumeen partaidetza handia dago. Emaitza onak dituzte Fisikak eta Matematikak, kalitatezko enpleguekin. Gainerako saiakuntza-zientzietan: langabezi tasa erdi-goi mailakoa da (%11 eta %17 bitartekoa).

Gizarte-karrerak (Magisteritza, Gizarte Lana, Publizitatea, Komunikazioa, Ikusentzunezkoak, Politika-Zientziak, Soziologia eta Kazetaritza, bi muturretan kokatzen dira. Tituludun bolumen handia dauka, EAEko merkatu nolakoa den kontuan hartuta (2.500 pertsona urteko). Magisteritza lan-aukera on bezala nabarmentzen da, baina egonkortasunik gabe. Gainerako gizarte-karrerek beste arlo batzuei dagozkien enplegu asko dituzte, eta lan-baldintza okerragoak.

Ekonomia- eta lege-karreretan (Lan-harremanak, Enpresa Zientziak, Enpresen Administrazioa eta Zuzendaritza, aktuario- eta finantza-karrerak, Ekonomikoak eta Zuzenbidea) zailtasunak daude. Promozioaren herena hartzen dute (3.000 pertsona urteko). Ekonomia Zientzietako lizentziaturen emaitza ertain/ona da. Gainerakoetan, laneratzeko zailtasun handiak daude, enplegu kantitate eta kalitate eskasekin.

Osasun eta osasungintzaren inguruko karreretan (Erizaintza, Dietetika eta Nutrizioa, Farmazia, Zientzia eta Teknologia, Elikagaiak, Medikuntza eta Odontologia) polarizazioa da nagusi. Emakumeen partaidetza handia dute, medikuntza-lizentziaturen emaitzak onak dira, baina zailtasun handiagoak daude gainerakoetan, eta aldi baterako kontratu gehiago.

Giza-zientziak (Gizarte Hezkuntza, Antropologia, Arte Ederrak, Filologia, Artearen Historia, Geografia, Pedegogia, Psikopedagogia eta Psikologia), ez dira oso lehiakorrak, Euskal Filologiaren eta atzerriko hizkuntzen kasuan izan ezik. Gainerakoetan eskaintza handiegia da lan-merkatuak duen eskaerarako.

98ko promozioarekiko aldaketak

Laneratzea bi puntu jaitsi da, lan-baldintzei eusten zaien arren. Besteen konturako eta beka bidezko kontratazioak jaisten dira. Era berean, norbere konturako kontratazioa igotzen da, azken hilabeteetan lan-merkatu orokorrean gertatzen ari den bezala, eta igotzen da, halaber, lehen enplegua bilatzen ari diren langabetuen kontratazioa.

Beste ezaugarri batzuk ondokoak dira: diplomaturek, lizentziaturen aldean, izan duten jaitsiera, emakumeek (unibertsitariak ez dira salbuespena), laneratzeko zailtasun handiagoak izatea, eta gizarte-sarea, ahoz ahoko bidea, lana aurkitzeko oso sistema baliagarria izatea oraindik lana aurkitzeko.

Kontuan hartzeko beste datu bat da 99ko promozioko unibertsitarioek, batez beste, 8 hilabetera aurkitu zutela enplegu bat. Gizonezkoek 6,7 hilabete behar izan dituzte, emakumezkoek, berriz, ia bederatzi: 8,9.

Ondo kokatutako enpleguari dagokionez, ikasketak amaitu zituztenen %72k aurkitu dute unibertsitate-titulua derrigorrez eskatzen duen lanpostu bat. Gizonezkoen %80 eta emakumezkoen %67 daude kasu horretan.

Batez besteko soldata garbiari dagokionez, 1.057 eurokoa da hilero. 1.177 eurokoa gizonezkoena eta 977 eurokoa emakumezkoena, 200 euroko aldearekin. 98ko promozioko batez besteko soldata-maila 1.000 eurokoa izan zen, 1169 gizonezkoena eta 959 emakumezkoena. Hemen ere, aurreko puntuetan eta aurreko promozioan bezala, sexu-diskriminazioa dagoela nabarmentzen da.

Kontuan hartzeko beste alderdi bat mugikortasun geografiko handia da, izan ere, ikasketak 1999an amaitu zituztenen %13 daude kasu horretan, eta horietatik, %9 EAEtik kanpora atera ziren. Hori gertatzen da, kasu askotan, lanbide mailako itxaropenengatik, EAEko lan-eskaintza mugatuagatik edo gure enpresen zabalkuntza-politikengatik.

Ondorioak:

· Ondorio orokor gisa, Azkarragak nabarmendu duenez “EAEko ekoizpen-sistema gai da punturik gorenean dagoen enplegu-maila globala sortu eta eusteko. Inoiz ez dute hainbeste pertsonak lan egin. Errealitate horrekin batera, beste bat ere aurkitzen dugu: ezinbestean hobetu behar diren langabezi tasak”.

· “Hezkuntza-sistema lan-merkatuaren harrobi naturala da. Eta ekoizpen-faktoretik handiena, beste guztien gainetik, jakintza da, lehiakortasunerako eragile nagusi bihurtu dena”.

· Testuinguru horretan, “lan-merkatuan dagoen unibertsitate-tituludunen eskaerari erreparatuz, ikusten da beharrezkoa dela egokitzapen bat egitea, bereziki, karrera bakoitzean ikasi behar duten unibertsitarioen kopuruari dagokionez. Kopuru osoari buruzko gogoeta bat garrantzitsua izanagatik ere, baliteke garrantzitsuagoa izatea kopuru hori titulazioen arabera aztertzea”.

· Inkestaren emaitzek “baikorrak izateko arrazoiak ematen dituzte, laneratze-tasari buruz, bereziki. Hala ere, premiazkoa da hainbat titulazioren enplegu-tasa hobetzea, eta horretarako konpromisoa hartu dute Eusko Jaurlaritzak eta Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza Sailak. Gauza bera esan daiteke emakumeen laneratzean eta lan-baldintzetan dauden desberdintasunak ezabatzeari buruz”, adierazi du sailburuak.

Neurriak:

Joseba Azkarragak bere Sailak aplikatu dituen hainbat ekintza eta neurri zehatz aipatu ditu, ikasketak bukatzen dituzten pertsonek lana aurkitzeko xedea dutenak:

· Izaera ekinzalea eta jakintzari eta I+Gri lotutako enplegua sustatzea, sentsibilizaioaren eta finantzazioaren bitartez. Baita ere, informazioa erabiliz, laneratzea helburu duen ibilbide bati ekiteko ‘sarbidea’ den aldetik.

· Unibertsitate eta enpresaren arteko kontaktua eta etengabeko prestakuntza sustatzea. Enpresako praktikaldiak, graduondoko laneratzeko prestakuntza eta unibertsitatearen, enpresen, administrazioaren eta elkargo profesionalen arteko sareak erabiliz.

· Emakumea laneratzearen aldeko apostu irmoa, horretarako, gizartea eta enpresak sentsibilizatuz, informazioaren, kontrataziorako pizgarrien, familia eta lana bateragarri egiteko laguntzen eta emakume ekinzaleen proiektuak sustatzearen bitartez.

· Prestakuntza-aukera teknikoetara eta jakintzazkoetara orientatzea.

Horietaz gainera, Jaurlaritzaren Kontseiluak onartzeko zain dagoen Enplegurako Erakundearteko Plana 2003-2006an jasotzen diren bestelako neurriak. Garrantzitsuena Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzua sortzea izango da.

“Plan horretan berebiziko garrantzia du guztiok (gizarteko eragileak eta erakunde publikoak) bat eginda egoteak ” azpimarratu du Joseba Azkarragak.

Jatorria: Joseba Azkarraga