Martin Aranburu
Nire ikasle garaietan ekaina, otsaila eta iraila izaten ziren hilabete desatseginenak, lehendabiziko bietan azterketak pairatu behar izaten zirelako eta irailean ikasturtearen hasiera zelako, batik bat beste behin errutinan murgiltzea suposatzen baitzuen. Zorioneko urte haiek pasatuta, iraila ezin dut jada errutinarekin lotu, izan ere, ikasturte politikoa eta hezkuntza ikasturtea oso kontrajarriak dira gure Euskal Herri honetan. Izatez, ezinezkoa baita Euskal Herriko giro politikoa errutinariotzat jotzea, eta jakina da honezkero Euskal Herrian, edozein ikasturte politikotan, aldaketa politiko franko ikus ditzakegula. Aurtengo ikasturte politikoaren garrantzia egunerokotasunak erabakiko duen arren, ukaezina da interesdun elementu asko izango ditugula datozen hilabeteetan. Batasunaren aurkako erasoen jarraipena, legebiltzarraren konposaketa aldatzeko intentzioz PP-k martxan jarriko dituen mekanismoak, EAren biltzarra, EAJren baitan presidentearen aldatzea, Espainiako hauteskundeak, non PP eta PSOEren arteko lehia bizia ikusiko dugun (ea nor gogorrago izan euskal abertzaletasunaren aurka), Europako hauteskundeak, sozialista eta abertzaleen arteko adostasunak ekar ditzakeen Kataluniako hauteskundeak, Europako hauteskundeak, euskararen aurkako eraso saiakera gehiago Nafarroako Gobernuaren partetik eta zer esanik ez, Erkidegoko hirukoak aurkezturiko planaren garapena.
Nolakoa izango da egoera politikoa ikasturte hau guztia bukatutakoan? Nire iritziz, kualitatiboki gauza gutxi aldatuko dira aipatu ez dudan beste elementu bat gertatu ezean: independentziaren aldeko sektoreen adostasuna. Adostasuna helburuetan eta medioetan. Nora goaz eta nola goaz. Bi ezinbesteko kuestio horietan bat egingo bagenu, gainontzeko elementu guztiak bigarren mailakoak lirateke, eta aurrerantzean, agenda politiko osoak, Euskal Herriarenak eta baita Espainiarenak ere, adostasun horren inguruan egingo luke dantza. Noski, euskaldunek erritmoa markatuta eta soinujolea aukeratuta! Ez al da bada egia Madrilgo batzarrean, Katalunian, alderdien kongresuetan eta hauteskunde desberdinetan gertatuko dena huskeria izan litekeela adostasun nazional berri batek Euskal Herriko mapa politikoa eraldatuko balu? Abertzaletasunaren alde gehiengo berriak eta zabalak lortuko lituzkeen eszenatoki berri batez mintzo naiz, eta, gainera, Euskal Herri osoan elementu garrantzitsua izango litzatekeena. Badakit erraza dela idaztea, eta paperean edozer gauza idaztea, baina aspaldidanik argitxo ikusten dut adostasun nazional hori izan ezean, herri honek oso ondo dantza egiten jarraituko duela, beste inork baino hobe ziurrenik, baina betiere espainolek eta frantsesek markatutako erritmoarekin eta aukeratutako soinujolearekin. Zailtasunak zailtasun, indartu ditzagun helburu adostasun horren bila dabiltzan saiakera desberdinak. Horietako bat izango baita zuzena eta erabakigarria. -
Jatorria: Martin Aranburu