“Bizkaia osoa ezagutzera eman behar da”, adierazi du Iker Rahonak gaurko Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, eta turismo iraunkorra eta hurbila bultzatzeko apustu irmoa egitearen alde agertu da, “baina ez pandemia garaian bakarrik, egungo ereduak gabezia asko baititu”. Covidek sortutako egoera erabat baldintzatutako Osoko Bilkuran, ostalaritza-sektorerako neurriei buruzko mozio baten eztabaidan ere parte hartu du ere Rahonak, bere taldearen osoko zuzenketa defendatuz.
Elkarrekin Bizkaiak turismoaren inguruan egindako proposamena babestu du Bizkaiko EAko koordinatzaile eta EH bilduko batzarkidea den Rahonak. EH Bildu bat dator egindako proposamenarekin, Rahonak azaldu duenez, baina talde abertzaleak proposamena garatzeko zehaztasun gehiago izatea nahiago zuela adierazi du.
“Bizkaia barruko turismo mugimenduak birbideratzeko unea da”, aldarrikatu du, eta turismo berdea, barnekaldekoa, industriala, gastronomikoa, Nerbioaren inguruan diseinatutakoa, landa-eremukoa etabar barne hartzen dituen turismo-eskaintza zabalagoa antolatu behar dela adierazi. Horrela, “turismoa hain masifikatuta ez dauden beste zonalde batzuetara” eramango litzateke, ekonomia suspertzeko beharra duten beste eremu batzuetara iritsiz. Gainera, Rahonak Bizkaia “herrialdeaz haratago, herri gisa ere saltzearen” beharraren alde egin du.
Ostalaritzaren sektoreari dagokionez, hori babesteko bide berriak aztertzen jarraitzea beharrezkoa dela esan du Rahonak, baina EH Bilduren iritziz, kontua da “orain arte aplikatutakoaren bidetik jarraitu behar den edo neurri desberdinak ezartzeko estrategia birplanteatu behar den”, norabide aldaketa defendatuz.
Tabernak eta jatetxeak berriro irekitzeak “ez du sektorean sortu den zuloa estali”, azpimarratu du Rahonak. Horregatik, EH Bilduk honako proposamenak egin ditu:
- Ostalaritzako lokalen alokairuak jaisteko formula legala finkatzea.
- Martxotik abendura bitartean izandako galerentzako 600 eta 1.200 euro arteko konpentsazio ekonomikoa.
- Murrizketak amaitu arte iraungo duen Ostalaritza-sektoreari laguntzeko lerro iraunkorra sortzea.
- Aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientean dauden langileentzako osagarria, hilean 1.200 euroko gutxieneko diru-sarrerak bermatzeko.
- Erakunde guztiek tasa eta zergetan moratoriak onartzea.
RAhona