Azkarragak inplikatutako guztien onespena izan zuen euskalduntze plana egin zuela gogoratu du Eusko Alkartasunako Komunikazio idazkariak Epaitegietako langileen euskalduntzea arautzen duen dekretu autonomikoa bertan behera uzten duen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia kritikatu du Ikerne Badiola EAko Komunikazio idazkariak, epaia gure hizkuntza iraintzea delako, eta Eusko Jaurlaritzari epai horren aurkako helegitea aurkezteko eskatu dio, bestela euskararen aurkako eraso honen konplizea izango delako.
EAko buruzagiak gogorarazi duenez, Joseba Azkarragak, Justizia sailburua izandakoak, alde guztien adostasuna lortu zuen Justizia Administrazioan elebitasuna sustatzeko, bai eta euskalduntzeko programa martxan jarri ere. Horrela, 2008an funtzionarioen %20ak zegokion hizkuntz eskakizuna betea zuen eta gainontzekoak euskarazko ikastaroetan ari ziren.
Halaber, gaineratu du Badiolak, Justizian jasotzen diren kexen artean, %80 euskararen erabilpen eskasari dagokio; horregatik, Auzitegi Nagusiak dekretu hori bertan behera uztea gure hizkuntza iraintzea da. Gainera, Euskadiko nortasun-ikurrei dagokien ekimen bat sustatzen den bakoitzean, bitxia da nola jotzen duten horren kontra Madrildik babestutako erakunde judizialak.
Egoera horri aurre egiteko, Badiolak Eusko Jaurlaritzari epaiaren aurkako helegitea aurkez dezala eskatu dio, eta hori egiten ez badu, Justizia Administrazioan benetako elebitasuna lortzearen kontra dagoela ondorioztatu beharko da.
Jatorria: Eusko Alkartasuna