Elkarrizketa BERRIA egunkarian Lehenengo aldia da hauteskundeetara aurkezten zarena, nola hartu zenuen albistea?
Gogoz hartu nuen partiduak egindako eskaera. Datorren legealdian oso une erabakiorrak biziko direlakoan nago, eta guztion inplikazioa beharrezkoa dela deritzot. Alde horretatik ohore bat da zerrenda horietako partaide izatea. Bestalde, zerrendak osatzeko garaian, garrantzitsua izaten da, eskarmentu handiko pertsonak egotea, baina baita aire berriak ekarriko dituztenak ere.
Zer eskainiko du legegintzaldi honek besteek eskaini ez dutena?
Legegintzaldi hau aurrekoaren jarraipen bat da; azken batean, abenduaren 30ean gehiengo osoz onartu zen proposamena aurrera eraman behar da hurrengo urteotan. Gizarteak kontsultatua izateko eskubidea du eta legegintzaldi honek hori beharko luke ekarri: erreferenduma edo herri galdeketa. Azken finean, gizarteak zer nahi duen jakin behar da. Era berean, subiranotasunerantz aurrerapauso bat suposatu beharko luke legegintzaldi honek.
Zer eskatuko zenioke Patxi Lopezi lehendakari aterako balitz?
Demokrata den edozein Lehendakarik herri galdeketa egin behar luke hurrengo legegintzaldian. Gizartea kontsultatua izan behar da, bestela, azken hogeita bost urteetako lorpenak bertan behera geratuko lirateke eta aurrera egin baino, atzerapauso bat suposatuko luke. Hauteskundeak erabakiorrak dira Euskal Herriaren etorkizunerako, orain arte lortutakoak galtzeko arriskua baitago. Azken finean, hasitako lanaren jarraipena beharko luke izan legegintzaldi honek.
Gurutze Izagirre / berria.info
Jatorria: Ikerne Badiola