Estatuarekin negoziatu ahal izateko subiranotasunaren aldeko indarrek bat Rafa Larreina EAko Antolakuntza idazkariaren ustez, herri galdeketa egin
nahi ez dutenek aitzakia gisa erabiltzen dute indarkeriaren aipamena,
«euskal gizartearen hitzari beldur diotelako». «Hipokrisia handia dago»,
adierazi zuen atzo Larreinak Radio Euskadin egindako elkarrizketan,
«galdeketa egiteko arazoa ez baita indarkeria dagoen edo ez dagoen, baizik
eta erreferenduma egitea nahi den edo ez den nahi. Erreferenduma egitea
nahi bada, EA ziur dago egiteko baldintzei buruz ados jarriko garela,
baita PPrekin ere».

EAk «galdeketa egin dadin eta, beraz, indarkeriarik egon ez dadin» lan
egingo duela agindu zuen Larreinak. Erreferendumean zer galdera egin
alderdi politikoen artean hitzartuko litzatekeela esan zuen, baina
garrantzitsuena «kontzeptua» dela: «Euskal gizartearen erabakitzeko
eskubidea».

Estatuarekin ituna egiteko beharrari buruzko eta transbertsaltasunari
buruzko hitzen atzean «ahultasun ideologikoa» dagoela argudiatu zuen EAko
Antolakuntza idazkariak, Josu Jon Imaz EAJko EBBko lehendakariak eta
Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia sailburuak izan berri duten
polemika dela eta. Haren ustez, arrazoiketa horien ondorioz jaitsi egiten
dira «herri posizioak», hori egiteko borondaterik ez izan arren.

Larreinak argudiatu zuenez, Estatuak dagoeneko ez du hitzarmenetarako
sinesgarritasunik, «30 urtean lortutako itun guztiak» urratu dituelako.
«Ezin duzu itunik egin etengabe iruzur egiten ari zaizunarekin».

Estatuaren jarrera hori dela eta, subiranotasunaren aldeko indarrek bat
egitea proposatu zuen EAko Antolakuntza idazkariak, «Estatuarekin parez
pare negoziatu ahal izateko». Izan ere, Larreinaren hitzetan, horrela
jokatu ezean «itunek langa jaisten jarraitzea ekarriko lukete».

EAk ere itunak nahi dituela argitu zuen, baina betorik ez duela nahi.
«Estatuak euskal gizartearen borondateari betoa jartzen jarraitzen badu,
konfrontazio demokratiko erabat baketsurantz jo beharko da».

Jatorria: Rafael Larreina