Iritsi da aurten ere azaroak 25, indarkeria matxistaren aurkako eguna. Oraindik ere ezinbestekoa da indarkeria matxistari aurre egitea, oraindik ere gogorarazi behar dugu indarkeria matxista Giza Eskubideen urraketa dela. Oraindik ozen esan behar dugu aski dela. Tamalez urte bat gehiago ere beharrezkoa da egun hau horretarako erabiltzea.
Aurtengo indarkeria matxistaren egunean fokoa justizian jarri da, hain beharrezkoa den gai batean, justiziaren erantzuna emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean lotsagarria izaten ari baita.
Legeak eguneratu gabe daude, lege zaharrak dira, partxeak jarri zaizkie, eta ikuspuntu hetereopatriarkal batetik egin dira eguneratze lan txikiak. Honen froga da, besteen artean, apirilean “manada” deituriko kasuan bizitu genuen epaia, non bost gizonek emakume gazte bat bortxatu ondoren, abusuengatik kondenatu zituzten bortxaketagatik kondenatu ordez, intimidazio edo bortizkeriarik ez zegoela alegaturik.
Abusu delitua gaur egungo kode penalean existitzea ere lotsagarria da, abusuak berak onartzen baitu emakumearen gaineko eskubide bat gizonaren partetik, eta hori lotsagarria eta onartezina da. Ezin dugu onartu legeek horrelako aurreiritziak dituzten arauak ukatea. Horregatik behar da bortizkeria edota intimidazioa bortxaketa kontsideratua izan dadila. Arauak berrikusi behar dira, eta hau ikuspuntu feminista eta aurrerakoi batetik egin behar da horrelako kasu latzak desager daitezen.
Baina horrekin ez da nahikoa izango, epaile askok heziketa patriarkal bat jaso dute, Nagore Lafaggeren kasuan argi ikusi zen epaileek edozer baimentzen zutela, adibidez amari galdetu ziotenean bere alabari festa egitea gustatzen zitzaion. Horrelako galderarik ez luke epaileak onartu beharko, eta hau epaileak aukeratzeko moduaren ondorioa da hein batean. Epaile batek, lana lortzeko zuzenbidea ikasi ondoren median 5 urte irauten duten oposaketak ikasi behar du, 5 urte non ez den etxetik atera, eta non ez duen gizartearen errealitatea bizitzen, buru belarri oposaketetan sarturik baitago, lehen aipatutako lege hetereopatriarkalak ikasi, aztertu eta buruan sartzen.
Arauak berdintasunezkoak izan daitezen nahi badugu, eta Nagore Lafagge edota manada bezalako epaiak gerta ez daitezen nahi badugu, sistema judiziala da aldatu behar dena, ez soilik legeak. Horretarako, independentzia judiziala ezinbestekoa zaigu. Horren alde borrokan eta lanean jarraituko dugu, kalean eta erakundeetan, mugimendu feministen eskutik.