Espainiako Gobernuko Industria Ministerioak 9.000 euroko gainordaina gehitu dio ETB Iruñerrian jasotzea ahalbidetzeagatik Eusko Alkartasunari iaz ezarritako 45.000 euroko isunari. Eusko Alkartasunan ulertzen dugu salbuespen egoera batean aurrean gaudela, izan ere, alderdia errekargu batekin zigortu da nahiz eta hasierako zigorra helegitea aurkeztu zaion eta ebazpenaren zain egon.la foto

Gogoratu beharra dago 2012ko urtarrilaren lehen egunetan EAko afiliatuek Erreniaga Mendatean ezarritako antena baten instalazioa ordaindu zutela, Iruñerrian ETB1 eta ETB2 kateak TDT bidez jasotzea ahalbideetzen zuena gutxieneko kostu batekin, 12.000 eurotik behera. Ekimen horren bidez agerian geratu zen Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak 2009an sinatutako hitzarmena ez betetzea ez zela ustezko arrazoi ekonomikoen ondorioa, baizik eta borondate politiko falta.

Hain zuzen ere, UPNren Gobernuak, Nafarroako herritarren hizkuntza eskubideen aurkako gurutzada berri batean, denborarik galdu gabe jo zuen Industria Ministeriora, egoera salatu eta emisioak mozteko eskatuz. Bere aldetik, Espainiako Gobernuko Ordezkariak, Carmen Albak, ofizioz jardun zuen ulertuta eskumena estatuarena zela eta “antena pirata eta ilegalaren” aurkako beharrezko espedienteei hasiera emateko.

Modu horretan, 2012ko martxoaren 7an, Guardia Zibilak hedagailua itxi eta zigilatu zuen, ordutik seinalearen igorpena ezinezkoa da, eta ondorioz, baita Iruñerriko 20.000 etxe baino gehiagotan seinalea hartzea ere. Guzti hori EAri ezer jakinarazi gabe, nahiz eta publikoa eta nabarmena izan, instalazioaren atzean EA zegoela.

Jarraian, Telekomunikazio Estatu-Idazkaritzak EAren aurkako espediente berreslea abiatu zuen, baimenik gabe frekuentziak erabiltzeagatik 30.000 euroko zigor ekonomikoa ekarri zuena eta baimenik gabe irrati geltokiak instalatzeagatik 15.000 euroko isuna.

Baina zentzugabekeria horren azkeneko kapitulua 9.000 euroko errekargua izan da aurretik ezarritako zigorraren gainera. EAk Guardia Zibilaren esku-hartzeari eta Industria Ministerioak ezarritako zigorrei helegitea ezarri arren eta, oraingoz, tramitean dauden arren, epaileak zigorrak kobratzea ebatzi du %10eko gainordainarekin, irmoak ez diren –administrazioarekiko helegitea bidean izan arren–. Horrela, EA isuna ordaintzera behartu dute, ondasunak bahitzeko erabakia eta %20eko errekargua ekidin ahal izateko. Alegia, Eusko Alkartasunak 49.500 euroko isuna ordaindu behar izan du Iruñerrian ETB jasotzea ahalbidetu izanagatik.

Egoera horren aurrean, EAtik salatu nahi dugu prozesu osoa irregulartasunez beteta dagoela, bai antenaren zigilatzea inolako abisurik gabe, baita zigor espedientearen tramitazioa ere. Irregulartasun horiek erabateko babesgabetasunean utzi dute EA eta edozein prozesu administratibotako oinarrizko eta gutxieneko bermeak urratu dira, bereziki prozesu zigortzaile batekoak.

Administrazioaren jardun osoan oinarri ideologiko bat dago, Nafarroan euskal telebista jasotzea galaraztera bideratua. Espainia mailan lizentzia gabeko telebista ugari daude indarrean, zigilatze eta zigortze mehatxurik gabe; finean ez dietelako UPN eta PPren gobernuei molestatzen.

Gure herriaren aniztasunaren aurkako eraso berri baten aurrean gaude. Euskararen aurkako obsesioan, UPNk eta PPk modu sistematikoan zigortzen dute euskararen edozein defentsa. Jarrera lotsagabe eta onartezinarekin, egunez egun, Hizkuntza Gutxituen Europako Gutunean jasotako oinarrizko eskubideak urratzen ditute baita Europatik Nafarroari espreski eginiko eskakizunak ere, besteak beste, euskara hutsezko telebista bat bermatzea. Hala ere, UPNren eta PPren erantzuna beti da bera, hizkuntza eskubideen alorrean aurrera pausoak ematearekin loturiko edozein ekintza eta ekimen oztopatu, ezkutatu edo galaraztea.

Larrialdi demokratiko egoera batean gaude, non eskuin atzerakoienak bere ahalegin guztiak askatasunak mugatzera bideratu dituen, gure herriaren aniztasuna, gure hizkuntza eta gure ikurrak defendatzen dituztenak jazartzera, baita edozein ekimen baketsu ere, irudimentsu eta masiboak izan arren, eskuinaren politika ulertzeko modua erabat zaharkituta dagoela eta ixilarazi nahi duten bestelako Nafarroa bat existitzen dela agerian uzten dutelako. Baina nafar gizartearen gehiengoak oso argi du bestelako Nafarroa bat posible dela, herritarren eskubide eta askatasun guztiak bermatuko dituen Nafarroa bat, zeinetan ez den zigortuko Nafarroako aniztasun identitarioa eta pluralitatea defendatzea.

Eusko Alkartasunatik berresten dugu Euskararen normalizazioaren alde lanean jarraituko dugula, ETBren emisioaren normalizazioaren alde, eskura ditugun baliabide politiko eta judizial guztiak erabiliz.