Martin Aranburu. Eusko legebiltzarkidea
Internet Legea (LSSI) Espainian agintzen duten neofrankisten benetako izaera demokratikoaren beste adierazgarri bat da. «Inkisizioa itzuli da Espainiara». Hauxe zen PPren lege berriari buruz ´Wired´ aldizkari iparramerikarrak egindako artikulu baten izenburua. Artikulua sinatu zuen kazetariaren aburuz, lege horrek oinarrizko giza eskubideen murrizketa ekarriko du, Internet pedofiloen, terroristen eta maula-egileen babesgabeko ezkutalekua den aitzakiarekin.
Lege honen edukian sakontzea ez da nire helburua, baina aipatu beharrekoak dira legeak aurreikusten dituen bi adierazpen betearazleak: Gobernuak web-orrialdearen edukiaz susmoren bat balu, berau ixteko erabakia har dezake, epaileren baten mandaturik gabe baldin bada ere, alde batetik, eta, bestetik, susmorik balego, Gobernuak berak Estatu espainiarretik kanpoko zerbitzariak darabiltzaten webguneak ixteko boterea ere izango du, epailearen agindurik gabe, noski.
Internetek mugarik ez duenez, eta Estatuan ikusgai ditugun web asko atzerritarrak izanik, lege honen aplikazioaren ondorioak atzerriko hainbat Internetzalek eta enpresak pairatuko dituzte, beren adierazpen askatasuna eta elkartze askatasuna, besteak beste, mugatuta ikusiko baitituzte. Horren ondorioz, Ameriketako Estatu Batuetan, Alemanian, Frantzian, Austrian eta Italian urrian onartu zen lege horren edukiaz kexu dira, eta indargabetua izan dadin eskatzen dute, Europako Batasunak egindako araua gehiegikeriaz gainditu eta eskubideen esparru pertsonala mugatzen duela adieraziz.
Egoeraren larritasunaz jabetuta ere, eta erabaki honen ondorioak pairatzen dituzten 404 webguneen arduradunen barkamena aurrez eskatuz, aitortu beharra daukat oraingoan lege honek ondorio positiboak izan ditzakeela Euskal Herriarentzat, behinik behin, Estatuko mugetatik kanpo PPren izaera frankista agerian utziko baitu. Gure gatazkaren egoera eta abertzaletasun espainiarraren benetako izaera inposatzaile eta inperialista azaltzeko saiakera anitz egin dira beti, batez ere Aznar jauna presidente denetik, eta onartu beharra dago askotan Euskal Herritik azaltzen diren ikuspegiak zalantzan jartzen dituztela Europan eta Ameriketako Estatu Batuetan. LSSIk ez du ikuspegi horren aldaketarik ekarriko, baina dudarik ez izan gobernu baten oinarrizko izaera agerian geratzen denean ondorengo azalpenek erreferente berria izango dutela: kasu honetan zentsura eta eskubide murrizketaren erreferentea. Badu Europak begiak irekitzeko beste lagungarri bat. –
Jatorria: Martin Aranburu