EAko Idazkari Nagusiako eta Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu Joseba Azkarragak bidaia ofiziala egin du Txilera, Dominikar Errepublikan hainbat hitzarmen sinatu eta gero. Han, herenegun Azkarragak azaldu zuen bere saila lankidetza ekonomikorako hitzarmena sinatzekotan dabilela Villa Grimaldi Bake Parkea fundazioarekin. Pinocheten diktadura garaian torturatzeko eta hiltzeko erabili zen Grimaldi etxea. Arduradunen kalkuluen arabera, 4.500 pertsona inguru torturatu zituzten pareta horien atzean; 226 desagertu eta 18 exekutatu zituzten. Orain, Txileko Bakearen lehen museoa sortzeko asmoa dute fundaziokoek, eta Jaurlaritzaren elkartasuna eta laguntza azaldu zien Azkarragak. «Oroimen historikoa berreskuratzearen alde» egin zuen sailburuak Grimaldi etxera egindako bisitan. «Ahanztura oroimenez beteta dago, eta kontuan izan behar da beren herriaren aldeko egitasmoa defendatzeagatik torturatu edo erail zituztenak bi aldiz erail daitezkeela oroimenik ez badago». Arrazoi horrengatik goraipatu zuen Azkarragak Villa Grimaldi fundazioa garatzen ari den lana, «egungo belaunaldiei herri honetan gertatu zena benetan gertatu zela erakusten dielako, gurean gertatu zen moduan». Esan zuen bere iragana ahaztu nahi duen herri batek ezin duela oroimen hori alde batera utzi, «hala jokatuz gero iraganeko akats berberak egiteko arrisku bizian egongo litzatekeelako». Horrela, fundazioko ordezkariekin lankidetza hitzarmen baten sinatzea aurreratu zuen Azkarragak, «diru laguntzekin, Txilen, orain eta gero, berebiziko garrantzia duen gai hori garatzen jarrai dezaten».
Jatorria: Joseba Azkarraga