Iraganean mantendu nahi direnekin lerrokatu da Auzitegi Gorena, Bateraguneren epaiketa berriz egiteko erabakiarekin, Eusko Alkartasunaren ustez. Era berean, eta Espainiako Estatuak bere egitura juridikoan zilegitasun demokratikoaren arazoa duela adierazi du Eusko Alkartasunak.
Alderdiaren arabera, Euskal Herrian inork ez du ulertuko nazioarteko erakundeek bidegabetzat jo zuten zigorra osorik bete zuten bost pertsona berriro epaitzea, eta are gutxiago 2020an jarduera politikoagatik ustez ETAren parte izateagatik inor epaitzea.
Auzitegi Gorenak hartutako neurria ezohikoa dela argi dago: hartu den azkartasunak hala erakusten du, baita aurrekaririk ez egotea edo Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzaren kontrako jarrera. Horrek erabakiaren atzean dagoen bultzada politikoaren seinale da, Eusko Alkartasunaren esanetan. Bateraguneko kideei, EH Bilduko bidelagunei, babesa agertu die alderdiak.
Demokrazian egon behar den botere-banaketa errespetatuz, baina Espainiako Estatuan horrek inoiz ez duela funtzionatu jakinda, PSOEren eta Podemosen Gobernuari Gorenaren neurriaren aurkako iritzia plazaratzeko eskaria egin dio Eusko Alkartasunak, eta euskal gizarteak inoiz pairatu behar ez zuen aroa itxi eta horren ondorioei ekiteko behar diren pausuei buruz hausnartzeko deia egin ere.
Estatuko “caverna” mediatikoak Bateraguneren epaiketa berriak arreta ez desbideratzeko eskaria egin du Eusko Alkartasunak, horrela funtsezko gaietan dagoen foku mediatikoa itzaliko baitzen, adibidez monarkiari eragiten dioten Borboien kontu ilunak edo gehiengo pluralak onartutako Estatuko Aurrekontu historikoak.