Tontxu Campos (Bizkaiko Ekonomi Sustapeneko Diputatua. Ekonomi eta Enpresa Zientzietan Doktorea)

Orain gutxi Itsas Sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan duen eragin ekonomikoari buruzko ikerlana argitaratu dugu. Nire ustez, bertan agertzen diren datuak hain dira esanguratsuak gure ekonomiaren orain eta etorkizunerako, ezen horien inguruko gogoeta egitea ezinbestekoa baita. Ikerlan hori Euskal Herriko Unibertsitateak egin du, Mari Carmen Garmendia irakaslearen koordinaziopean. Hasiera-hasieratik, itsas sektoreak Euskal Herrian duen garrantzi handia islatzen duten zifrak ematen zaizkigu: itsas sektorearen ekonomi eragin zuzena 1.000 milioi euro ingurukoa da, 7.464 pertsonari enplegua emanez eta Barne Produktu Gordinaren %2,4 osatuz. Guztizko eragina 2.200 milioi euro ingurukoa da, alegia, BPGaren %5,46. Baina, kontuz, sektoreak errentan duen zuzeneko eragina ia 500 milioi eurokoa da. Itsas sektorean 7.500 pertsona aritzen dira zuzenean, eta hauei zeharka aritzen diren beste 25.000 langileak gehitzen badizkiegu, guztira 33.000 lanpostu sortzen dira, Euskadin lanean ari diren pertsonen %4. Hortaz, ikerlan honek oso garbi uzten du gure itsas sektorearen garrantzia. Ikerlana bere osotasunean ikusi nahi izanez gero, gure web orrian aurkituko duzue: www.sustapena.bizkaia.net.

Bizkaia da itsas sektoreak eragin gehien duen Lurralde Historikoa. Horrela, Lurralde Historikoan duen zuzeneko eragina 782 milioi eurokoa da (EAEk guztira duenaren %79,7) eta Bizkaiko BPGaren %3,93 osatzen du. Ikerlan honen arabera, sektoreak Bizkaian duen zuzeneko eragina 1.443 milioi eurokoa da, Euskadik guztira duenaren %65,9 eta BPGaren %7,3. Bizkaiko errentan duen zuzeneko eragina 163 milioi eurokoa da. Ia 6.000 pertsona aritzen dira zuzenean eta beste 12.000 zeharka; honela, Bizkaian sektore honetan guztira lan egiten dutenak 18.000 dira. Ekoizpenean duen eragina guztira honela banatzen da lurraldeka: 1.443 milioi euro Bizkaian, 558 Gipuzkoan eta 215 Araban. Sortzen duen guztizko enplegua lurraldeka honela banatuko litzateke: Bizkaian 17.938 pertsonarentzat sortzen du lana, Gipuzkoan 10.370 pertsonarentzat eta Araban 4.756 pertsonarentzat. Baina ez ditut datu gehiegi eman nahi, eta, beraz, azken datu batzuk aurkeztuz amaituko dut. Gogorarazi nahi nuke, ikerlan honen arabera, itsas sektoreak Euskal Autonomia Erkidegoan lehen sektoreko BPGaren %36 osatzen duela, industri sektorearen %8,43, zerbitzu sektorearen %4,26 eta eraikuntza sektorearen %3,06. Ekoizpenarekin erlazionatutako eragin gehienak Ezkerraldean, Bilbon, Donostialdean eta Bizkaia Kostan antzematen dira. Ezkerraldean ekoizpeneko eraginen ia %30 dagoela nabarmendu behar da, eta guztizko enpleguaren %16,8. Nire ustez, ekarpen honek guztiak argi eta garbi uzten du itsas sektorea Euskal Herriko ekonomian oso garrantzitsua dela.

Jatorria: Tontxu Campos